Dagoeneko ez da derrigorrezkoa maskara toki itxietan erabiltzea
Gaurtik aurrera, maskararen erabilera ez da derrigorrezkoa toki itxietan. Espainiako Gobernuko ministroen kontseiluak atzo onartu zuen aldaketa ekarri duen dekretua, eta gauerdian sartu da indarrean. COVID-19aren pandemiari aurre egiteko neurri gisa, 2020ko maiatzean ezarri zuten estreinakoz maskara erabiltzeko derrigortasuna, eta Carolina Darias Osasun ministroak atzo adierazi zuen “maskaren erabilera” pandemiaren aurkako neurri “sinbolikoenetariko bat” izan dela. Era berean, ministroak azaldu zuen adituekin adostutako erabakia izan dela maskararen derrigortasuna bertan behera uztearena, eta Europako Batasuneko beste hainbat herrialdek ere antzeko erabakiak hartu dituztela.
Hala ere, maskara ez da guztiz desagertuko “zaurgarritasunaren araberako salbuespenak” izango direlako. Hain zuzen ere, erietxeetan, osasun zentroetan, transfusio zentroetan, botiketan eta zahar etxeetan, nagusiki, maskara erabiltzen jarraitu beharko dute langileek, bezeroek eta bisitariek, nahiz eta pazienteentzako ez den derrigorrezkoa izango. Era berean, garraio publikoan ere maskara erabiltzen jarraitu beharko da; soilik garraioaren barruan, ez geltokietan eta antzekoetan.
Hezkuntza zentroetan, beraz, dagoeneko ez da derrigorrezkoa izango, dekretu horren arabera. Hala ere, tokian tokiko hezkuntza arloko erakundeek –Donostiari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak– horri buruz zer dioten ikusi beharko da oraindik, datorren asteko astelehenean berrartuko baitute ikasturtea, Aste Santuko oporren ostean. Bestalde, lan munduan, enpresetako lan osasuneko prebentzio arduradunek neurriak har ditzakete. Izan ere, ministroaren arabera, langileen arteko distantzia urria bada eta lantokiko aireztapena txarra bada, langileek maskara erabiltzeko neurriak hartzeko era izango dute enpresek.
Horrez gain, Dariasek adierazi zuen aholkatzen dela maskararen “erabilera arduratsua” egiten jarraitzea. Esaterako, nabarmendu zuen adinekoen, immunoeskasiaren bat dutenen eta haurdunen kasuan, maskararen erabilera “arduratsuak” zentzua duela.