600 erabiltzailetik gora izan ditu Altzako kiroldegiak bere lehenengo egunean
Asteazkenean ireki zuten, azkenean, Altzako kiroldegi berria, eta Donostiako Udalak nabarmendu du “harrera bikaina” izan duela kiroldegiak bere lehenengo egunean. 07:30ean ireki zuten kiroldegia, eta 18:00ak arte, udalaren datuen arabera, 600 erabiltzailetik gora izan zituen; “ireki denetik, uneoro izan ditu bisitak”, gaineratu du udalak.
600 erabiltzaile horien %75 Altzako bizilagunak izan zirela azaldu du udalak, eta Donostia Kirolak jakinarazi du 850 pertsonak izena eman dutela irekieraren harira antolatutako doako jardueretan.
Horrez gain, Txernobylgo haurren aldeko erronka solidarioa abiatu dute gaur, hilaren 21ean, Altzako kiroldegi berrian. 09:00etatik, Donostiako hainbat kirol klubetako ordezkariak pedalei eragiten dabiltza bizikleta estatikoetan, Altzaren eta Txernobylen arteko joan-etorria, 6.000 kilometro baino gehiago, modu birtualean osatzeko helburuarekin, Chernobil Elkartearen aldeko dirua biltzeko. Besteak beste, Ibaeta Basket, Bera Bera eskubaloi taldea, Donostiarra Arraun Elkartea, Donostia Arraun Lagunak kluba, Realeko atletismo taldea, Waterpolo Donostia eta Txuri Urdin kluba ari dira parte hartzen.