Animaliei eskainitako bizitza bat
Asko izan dira Igeldoko Arrano Etxetik pasatu diren animaliak: zaurituta aurkitutakoak, gurean ilegalki sartutakoak, galdutakoak, eta abar. Azken 36 urteotan, astean zazpi egunez eta egunean 24 orduz, Joxean Albisu eta Mertxe Garcia senar-emazteek animaliak artatu dituzte, euren bizimodua izan den lan nekaezin batean. Orain, merezitako erretiroa hartzeko garaia heldu zaie, eta Urnietako zentro berri batek hartu du erreleboa. Osatzeko prozesuan zeuden animalia guztiak Urnietako zentrora eraman ditu dagoeneko Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta berreskuraezinak direnak gelditzen dira soilik Arrano Etxean.
1986an euren kabuz hasi ziren animaliak artatzen, eta, 1987an, aldundiarekin hitzarmena sinatu zuten, animaliak artatzeko Gipuzkoako zentro ofiziala izatera pasatuz. Ordutik, buru-belarri lanean aritu dira Albisu eta Garcia, eta denetarik ikusi dute: behin bi lehoi eraman zizkieten, animaliei amuak urdailetik ateratzeko sistema bat asmatu dute, zaurituta eraman zieten lepazuri batek bere haurdunaldia geldiarazi zuen Arrano Etxean osatzen zen bitartean, eta abar.
Hori guztia eta askoz gauza gehiago errepasatu ditu hedabide honek Albisurekin eta Garciarekin, baita Urnietako zentroaren erreleboa nolakoa izan den aztertu ere, zenbait kritika egin baitizkiote zentro berriari. Erreportaje zabala ondu du IRUTXULOKO HITZAk, eta bihar, hilaren 22an, irakurri ahal izango da osorik, webgune honetan eta paperezko astekarian.