Bernardo Atxagak bere azken lana aurkeztuko du Okendo kultur etxean
Desde el otro lado izeneko lana argitaratu du Bernardo Atxagak, eta bizitzaren eta heriotzaren gaineko fabula itxurako lau narraziok osatzen dute. Lan horri buruz solasean arituko da Jabier Muguruza musikari eta idazlearekin Okendo kultur etxeko areto nagusian, astelehenean, 19:00etan.
Bere aurreko liburuaren ostean (Etxeak eta hilobiak, 2019) Asteasuko idazleak nobelatik erretiratzen zela iragarri zuen, eta, oraingoz, esandakoa bete du. Desde el otro lado (Alfaguara, 2022) gaztelaniaz argitaratu gabeko lau istorio dira; izan ere, 1985ean eta 1995ean euskaraz argitaratu ziren bi testuak berridatzi egin ditu. Horri esker, Atxagak, 2019ko Espainiako Letren Sari Nazionalaren jabeak, “nolabaiteko distantziaz” hausnartu ahal izan du “giza izaeraren berezko ongiaz eta gaizkiaz”.
Dos hermanos 1985ean argitaratu zen euskaraz (Bi anai, Erein) eta 1995ean gaztelaniaz (Ollero & Ramos, 1995). Edizio honetarako gaztelaniazko testua gainbegiratu eta orraztu du egileak. La muerte de Andoni a la luz del LSD lehenengoz argitaratu da gaztelaniaz eta Andoniren heriotza LSDaren argitan kontakizunaren itzulpena da. Bestalde, Conferencia sobre la vida y la muerte en el cementerio de Obaba-Ugarte eta Un crimen de película testu berriak dira, liburu honetarako idatzitakoak.