Ikastetxeetan ere ez da maskara derrigorrez erabili beharko
Espainiako Gobernuak toki itxietan maskara erabiltzeko derrigortasuna bertan behera utzi ondoren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak eguneratu egin du hezkuntza zentroetako osasun araudia, eta dagoeneko ez da derrigorrezkoa izango halakoetan maskara erabiltzea. Era berean, Hezkuntza sailaren protokolo berriak gomendatzen du ikasleek ez dezatela modu orokorrean maskara erabili. Horrela ere, gomendatzen du hezkuntza zentroetako ikasle zein langile zaurgarriek erabili dezatela, eta irizpide bera jarraitzen du koronabirusean positibo ematen dutenen eta sintomak dituztenen kasuetan.
Hiru urtetik beherako haurren kasuan, protokoloaren arabera, ezta kasu batean ere ez da gomendagarria maskara erabiltzea, baina nabarmendu dute edozein arrazoi dela eta maskara erabiltzen jarraitzeko hautua egiten dutenak “estigmatizatzea” saihestu egin behar dela, baita “zaindu” egin behar direla ere.
Bestalde, COVID-19arekin lotu daitezkeen sintomak dituztenek edo positibo ematen dutenak (sintomak izanda edo izan gabe) ez dira ikastetxera joango, nahiz ez duten isolatu beharko. Sintomak arintzen zaizkienean itzuli ahalko dira ikastetxera, baina hurrengo hamar egunetan maskara jantzita eraman beharko dute, baita eskuak “modu egokian” garbitu beharko ere. Era berean, saihestu egin beharko dute pertsona zaurgarriekin egotea.
Irakasleek, ikasleen senideek eta guraso elkarteetako kideek bilerak modu presentzialean egin ahalko dituzte aurrerantzean hezkuntza zentroetan, garbitasun eta aireztapen neurri guztiak beteta. Hain zuzen ere, protokoloak zehazten du zenbait prebentzio neurri hartzen jarraitu beharko dela ikastetxeetan, azken bi urteotan hartutakoen tankerakoak: eskuak garbitzea, eztul edo doministiku egitean ahoa ukondoarekin estaltzea, guneak aireztatzea eta egunean behin desinfektatzea, eta abar.