Pertsona bat atxilotu dute Antiguako okindegi batean lapurtzeagatik
Ertzaintzak 23 urteko gizon bat atxilotu du gaur goizaldean Donostian, Antiguako okindegi batean indarrez lapurtzea egotzita. Patruila batek 02:00etan ikusi du gazte bat ezkutatzen saiatzen ari zela polizia-ibilgailua igarotzean. Horren ostean, pertsona hori beste gizon batekin batera korrika hasi dela ikusi dute ertzainek. Azkenean, bi gazte horietako bat geldiaraztea lortu dute, eta hark, beste bi gizonekin batera, establezimendu batean lapurtzen saiatu dela adierazi du.
Bigarren patruila batek okindegi bateko erakusleihoa apurtuta zegoela ikusi du, eta barruan, lurrean, kutxa erregistratzailea eta kutxatila baten estalkia zeudela. Horiek horrela, eta inplikatuak bi eskuetan zauriak zituela ikusi ondoren, agenteek atxilotu egin dute, indarra erabiliz lapurreta egitea egotzita.
Atxilotua ertzain-etxera eraman dute dagozkion eginbideak hasteko, eta, horiek amaitutakoan, Donostiako Guardiako Epaitegiaren esku uztea espero da.