Salbamendu zerbitzuen udal araudian ekarpenak egin ditzakete herritarrek
Araudiaren helburu nagusienetako bat da aurrerantzean arduragabekeriaz jokatzen dutenek ordaintzea erreskateak.
Donostiako Udala salbamenduen udal ordenantzaren aldaketa tramitatzen ari da, eta herritarrek ekarpenak egiteko epea ireki du. Besteak beste, arduragabekeriaz jokatzen dutenek euren erreskateak ordaindu ditzaten egin dute aldaketa; askotan piztu den eztabaida bat da, baina, berriki, puri-purian egon da gaia hilaren 1eko goizaldean bi pertsona erreskatatu baitzituzten Kontxako hondartzan. Bi gizon gazte uretara sartu ziren bainatzeko asmoarekin, eta itsasotik atera ezinda geratu ziren. Udaltzaingoa, Ertzaintza, Donostiako Suhiltzaileak eta Gurutze Gorria mobilizatu zituzten bi pertsona horiei laguntzeko, eta operazioak 6.000 euro inguruko kostua izan zuen.
“Bilaketa eta salbamendu esku hartze batzuetan, gertatzen diren inguruabarrak direla eta, seinaleztatutako eremuetan arrisku jarduerak egitearekin lotuta daude, edo zerbitzua ematen zaion pertsonak ez die jaramonik egiten babes zibilaren arloan eskumena duen edozein erakunde ofizialek emandako arretei edo abisuei, baita bestelako arduragabekeriak direla medio ere. Egoera horiek, baliabide materialetan eta giza baliabideetan kostua eragiten dio udalari, eta beharrezkoa ez den arriskuan jartzen die esku hartzen duten pertsonei. Horregatik, egoera jakin batzuetan mendiko, hiriko eta uretako bilaketa eta salbamendu zerbitzua emateagatiko tasa ezartzea proposatzen da”, azaldu du udalak.
Era berean, udalak azaldu du tasa horrek ez duela helburutzat “dirua biltzea”: “Tasa honen helburua arriskugarriak izan daitezkeen kirol eta aisia jarduerak egiteko beharrezkoa den prebentzio kulturan sakontzea da. Beraz, ez du diru bilketaren helburua bilatzen, prebentziozkoa baizik, eta zenbait jarduera ahalik eta segurtasun berme handienekin egin behar dituzten erabiltzaileen erantzukizuna eskatzen du”. Maiatzaren 3ra arte, herritarrek ekarpenak egin ahalko dizkiote araudiaren aldaketari, udalaren webgunearen bidez.