Partziala, grinatsua, politikoa

The Story of Film: A new generation
Zuzendaria: Mark Cousins.
Urtea: 2021.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Honela zioen Charles Baudelairek, 1846ko Kritika, zertarako? entseguan: “Nire aburuz, kritika onenek entretenigarriak eta poetikoak izan behar dute; kritika onenak ez dira hotzak eta algebraikoak, den-dena txukun azaltzeko aitzakiarekin, ez dutenak ez maitasunik ezta gorrototik ere adierazten”. Eskema zehatz batekin ito nahi gabe, arte kritikariaren lanaren askatasun poetikoa defendatuz, argi dago Baudelairek buruan zuen idazleak ez zuela obraren “ezkutuko zentzu” bat aurkitu eta jakinarazteko betekizuna; horren ordez, “koadro baten kronika onena soneto edota elegia bat izan daiteke”.
Argi dago Mark Cousins zinema historialari eta kritikariari ezin zaiola Baudelairek zuen apartekotasuna eskatu; nahiko luke, bestalde, Robert Walserrek bere kritikari lanetan margolanekin ezartzen zituen alegiazko elkarrizketen txispa hura eduki. Hala ere, baliteke haien eskola berekoa izatea, eta, Susan Sontagekin batera, “interpretazioaren aurka”, zinemaren Historiari lehen hizki maiuskula kendu nahi izatea, plazer erretoriko hutsen alde. The Story of Film: An Odissey-rekin, ikus-entzunezkoen historian ibilbide erakargarria egitera gonbidatu gintuen orain dela hamar bat urte —izenburuak berak argi uzten zigun hura ez zela zinemaren ohiko historia bat (history), istorio (story) desberdin bat baizik—; eta, iaz, odisea hari 2010etik 2020rarteko hamartea gehitzeko, A New Generation estreinatu zuen Cannesen.
Mantentzen du Cousinsek, oraindik ere, Baudelairek kritikariaren lanari eman nahi izan zion askatasuna. Estilo propiodun gidoilari eta narratzaile aparta denik zalantza gutxi dago jada: off ahotsean, Eskoziako azentu berezi horrekin, kadentzia eta intonazioen musikaltasuna bikain menderatuz, metaforaz jositako hitz jarioek irudiei nolabaiteko dimentsio liluragarri bat ematen die. Teoria kritiko finkorik gabe eta ia-ia hari logikorik gabe, harrigarria da horren minimalista den entseguak (bai bere asmo zein elementuetan) ia hiru orduko iraupenari hain ondo eustea. Nola ez, hori guztia eszenen aukeraketa bikain batek lagunduta; Cousinsen artxibo lanak mendebaldeko zinema kritikarion kanona aski zabaltzen du, berdin baitzaio Deadpool-i zein Ugandako komedia abangoardista bati buruz hitz egin.
Amaitu dezagun, hasi garen moduan, Baudelairren hitzekin: “Izateko arrazoi bat edukitzeko, kritikak partziala, grinatsua, eta politikoa izan behar du. Hots, ikuspegi partzial batetik egina, beste mila bide berri irekitzeko gai den ikuspuntutik, nolanahi ere”. Hortxe dugu Mark Cousins, bide berri horiek argitzen laguntzeko.