Maiatzaren 2an irekiko dute 'Oporretan euskaraz' udalekuetan izena emateko epea
Uztailaren 4tik 29ra egingo dituzte Oporretan euskaraz udaleku irekiak. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen duen jarduera honek haurrengan euskararen erabilera sustatzea du helburu. Parte hartzeko izena eman ahal izango da maiatzaren 2tik 10era. Izen-ematea online egitea gomendatzen da www.donostiaeuskaraz.eus edo www.donostia.eus webguneen bidez. Hala ere, Euskara Zerbitzuaren bulegoan ere egin ahal izango da.
2022ko udako jarduera honetan 2011tik 2017ra bitartean (bi urte hauek barne) jaiotako haur donostiarrek parte hartu ahal izango dute. Taldeak hizkuntza ereduaren, jaiotze urtearen eta jasotze puntuaren arabera eratuko dira. Udalekuak astelehenik ostiralera eta 09:00etatik 13:30era izango dira. Aurten ere, 08:30etik 09:00etara zaintza zerbitzua eskainiko da eta haurrak jarduera hasi baino lehen, 08:30ean, eraman daitezke jasotze puntuetara.
Plazak zozketa publiko bidez eskainiko dira. Zozketa maiatzaren 23an egingo da eta emaitzak egun berean, arratsaldez, kontsultatu ahal izango dira aipaturiko webguneetan.
Kuotak familia motaren arabera
Hilabete osoko kuota arrunta 164,06 eurokoa da. Aldiz, familia ugariek eta guraso bakarrekoek 123,04 euro –kuotaren %75– ordaindu beharko dute, familia ugari bereziek 82,03 euro –kuotaren %50–, eta gizarte laguntza jasotzen duten familiek 16,40 euro –kuotaren %10–.