Miramongo basoko harraska zaharra babesteko eskatu dute Aranzadik eta Lantxabek
Aieteko Lantxabe auzo elkarteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Donostiako Udalari eskatu diote Miramongo basoko harraska zaharra desagertzen utzi ez dezala, baita panel informatibo batzuk jarri ditzala proposatu ere. Lantxabek iazko ekainean eman zuen harraska zaharraren aurkikuntzaren berri, eta jakinarazi zuten Aranzadikoek aurkikuntza baieztatzeko zain zeudela; hala egin du Alfredo Moraza Aranzadiko historialari eta arkeologoak, harraska zaharraren arrastoak aztertu ostean. Lantxabek azaldu duenez, arrasto horiek babestu egin behar direla nabarmendu du Morazak, hiriaren errealitate historiko hori ez galtzeko.
Pakea errekan dago harraska, eta XIX. edo XX. mendekoa da. Lantxaberen arabera, auzoko zaharrenek gogoratzen dute han arropa garbitzen zuten emakumeetako batzuek Londres eta Maria Cristina hoteletarako eta Casa Nicolasa ostaturako latsari lanak egiten zituztela. Horrela, auzo elkarteak eta Aranzadik eskatu dute inguru guztia garbitzeko, arrastoak ikusgai eta babestuta gelditu daitezen. Era berean, handik paseatzen duten herritarrek harraskaren berri izan ahal dezaten, panel informatiboak jartzeko proposatu dute.
Horrez gain, Lantxabek proposatu du harraskaraino iristeko bidea hobetzeko, inguru naturala ahalik eta gutxien kaltetuta. Katxola baserritik errekastoraino jaitsi ondoren, zubia gurutzatuta ikus daiteke harraska.