Udako kirol ikastaroetan izena emateko epea maiatzaren 2an irekiko da
Donostia Kirolak udarako kirol-jardueren kanpaina aurkeztu du, kanpaina honetan parte hartzen duten 33 kirol-erakundeek prestatu dituzten ikastaroen eskaintza zabalarekin. Ikastaroak ekainaren 20an hasi eta irailaren 11n amaituko dira.
Jardueren eskaintza bi talde handitan banatuta dago: batetik, 16 urte arteko ikasleentzako jarduerak, eta, bestetik, gazte eta helduentzako jarduerak. Kanpaina honetan gehien eskatzen diren jarduerak kirol anitzak, surfa, igeriketa, tenisa eta piraguismoa dira. Aipagarria da itsasoarekin zerikusia duten jarduerek gero eta eskari handiagoa dutela: surfa, bodyboard, SUP, snorkela… eta eskaintza osoaren heren bat baino gehiago osatzen dutela.
Ikasleen artean ere gero eta indar handiagoa hartzen ari dira kirol anitzeko jarduerak, goiz bat edo egun oso bat hartzen dutenak (beste erakunde batzuen udaleku irekien antzekoak, baina kirolaren arlokoak). 2021ean, ikastaro horietan izandako 13.400 parte-hartzaileen ia % 30 izan ziren.
Jarduera ezagunenez gain, Uda 2022 Kanpainak 60 jarduera baino gehiagoren artean hautatzeko aukera emango du: arrauna, arku-tiroa, urpekaritza, bela, mendiko bizikleta, eskalada, skatea, esgrima, hipika, padela… Berrikuntza gisa, aurten Altzako Kiroldegi berrian igeriketa jardueren eskaintza ere izango da.
Izena emateko modua
Azken urteetako izen-emate sistema mantentzen da, bi fase ezberdinekin. Lehenengoa aurreinskripzio-fasea da, maiatzaren 2tik 5era bitartean (biak
barne) egingo dena. Fase honetan, ikastaro berean pertsona bakoitzeko aurreinskripzio bakarra onartuko da, baina pertsona berak gehienez lau ikastarotan eman ahal izango
du izena. Taldean ere egin ahal izango dira aurreinskripzioak, eta ikastaro bakoitzerako gehienez lau pertsona onartuko dira. Taldeko aurreinskripzio
horiek zenbaki bakarrarekin parte hartuko dute zozketan, eta horren emaitzak taldeko kide guztiak lotuko ditu.
Aurreinskripzio horiek Donostiakirola.eus webgunearen bidez egitea gomendatzen da, baina aurrez aurre ere egin ahal izango dira zerbitzu hori ezarri duten erakundeetan.
Egindako aurreinskripzio guztiek parte hartuko dute maiatzaren 6an egingo den zozketan, eta astebeteko epea izango dute ordainketa egin eta izen-ematea baieztatzeko.
Bigarren fasea maiatzaren 23an hasiko da, eta egun horretatik aurrera izena zuzenean eman ahal izango da plaza libreak dauden ikastaroetan. Zuzeneko izen-emate hori online ere egin ahal izango da Donostiakirola.eus webgunearen bidez, edo aurrez aurre klub eta erakunde antolatzaile bakoitzaren bulegoetan.