Ulia Interpretazio Zentroak “tximeleten oasi bat" izango du
Larunbatean inauguratuko da, eta familientzako tailer didaktiko bat ere izango da.
Azken asteotan, boluntarioen laguntzarekin, espazio bat eraiki da Ulia Interpretazio Zentroaren aurrean: “tximeleten oasi bat”. Espazio honetan, landare eta lore espezie ezberdinek tximeletek bizirauteko ingurune egokia izan dezaten lagunduko dute. Donostiako Udaleko Ekologiako zinegotzi Marisol Garmendiak adierazi duenez, oasi horrek “tximeleten berezitasunak eta bitxikeriak azalduko dituen informazio-panel bat izango du, eta Ulia mendia bezalako ingurune natural baten biodibertsitatearen mantentzean jokatzen duten zeregin erabakigarria azalduko du”.
Izan ere, tximeleten eta beste ornogabe batzuen mehatxu nagusia haien habitatak suntsitzea edo aldatzea da. Hiri-inguruneetan, bereziki, arazo handia dago pestiziden erabilerarekin eta ingurunearen narriadurarekin lotuta, giza prozesuen ondorioz, hala nola hirigintza edo azpiegituren eraikuntza. Cristina Enea Fundazioa, Zerynthia elkartearekin elkarlanean, Donostian Tximeletentzako habitat egokiak berreskuratzeko espazioak eta inguruneak sortzen ari da.
Arazo horri buruzko kontzientziazioa sustatzeko, Zerynthia Elkarteak tximeleten oasi-sare bat jarri du abian, herritarren ekimena zuzenean inplika dadin kontserbazio-neurriak hartzen, animalien bizitzaren adierazpen ederrenetako batekin.
Familia giroko tailerra eta oasiaren inaugurazioa
Apirilaren 30ean inauguratuko da tximeleten oasi hau, jendaurreko ekitaldi xume baten bidez. Era berean, Zerynthia elkarteak tailer familiarra egingo du, oasiak zer diren eta bertako biztanle diren tximeleten bitxikeriak azaltzeko.