"Bollerismoa eta genero disidentzia oro" ikusgarri egin behar direla aldarrikatu dute
Ikusgaitasun Lesbikoaren eguna izan zen atzokoa, hilaren 26a, eta Transbollomarika koordinakundeak elkarretaratzea egin zuen Bulebarrean. “Gure gizartean, heterosexualitatearen errepresentazioa etengabea da iragarkietan, pelikuletan, telesailetan, pantailetan, paretetan, kalean, tabernetan, eskoletan, familietan… Eta, horren aurrean, norabide heterosexuala jarraitzen ez duten bizimoduak eta gorputzak bistaratu nahi ditugu, inoiz baino gehiago”, nabarmendu zuten.
Era berean, salatu zuten homofobiak gizartean bizirik jarraitzen duela: “Diskurtso politikoki zuzenek homosexualen eskubide berdintasuna goraipatzen duten arren, gizarteak heterosexuala izaten jarraitzen du, eta pertsona homosexualek mota askotako indarkeria jasaten dute: kolpe eta irainetatik hasita, auto-homofobia moduko indarkeria barneraturaino. Harreman mota heterosexualetik kanpo bizi garen pertsonek bazterrean jarraitzen dugu eta gure bizimodua uneoro jartzen da zalantzan, askotan ikusezin egiten da, eta inoiz ez da eredutzat ematen”. “Ez dugu onartuko mundu heterosexualeko kupo bat izatea”, gaineratu zuten, eta harago joan ziren: “Argi utzi nahi dugu homosexualen ezkontzek eta hotel gayek ez daukatela zerikusirik aldarrikatzen dugunarekin. Homonormatibitatearen bidez, gure bizitzak kapitalaren eta heterosexualitatearen eskemetan sartu nahi dituzte eta genero disidentzien onarpen azalekoa eginez, despolitizatu egiten dute gure gorputzen potentzia iraultzailea”.
“Arau guztiak haustera” eta “bizitzeko beste modu bat posible egitera” datozela nabarmendu zuten: “Ikusgarri egin nahi duguna ez da norekin egiten dugun txortan, baizik norekin bizi garen, nola harremantzen garen eta nola antolatu nahi dugun bizitza. Bollerismoa eta genero disidentzia oro ikusgarri egin nahi ditugu, heterosexualitatetik kanpo mundu bat dagoelako asmatzeke”.