Donostian 181 enpresa sortu ziren iaz, ekonomia suspertzeko planari esker
Donostiako Udalak 2021ean garatu zuen ekonomia suspertzeko planaren emaitzak aurkeztu ditu asteazken goizean, eta nabarmendu du 8,5 milioi euro inbertitu zituela plan horretan. Marisol Garmendia Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak eman ditu datuak, eta azaldu du planari esker 181 enpresa (2020an baino %26,5 gehiago) eta 651 lanpostu sortu zirela iaz Donostian (2020an baino %14 gehiago). Gainera, pozik agertu da zinegotzia, 2021ean sortutako hamar enpresatik bederatzik funtzionamenduan jarraitzen dutelako: “Pandemiak kendu zion bultzada berreskuratzen ari da Donostia, muskulu ekonomikoa sendotzen ari da eta bide onean doa aurrera”.
Bestalde, 181 enpresa berri horietako bakoitzeko inbertsioa 12.000 eurokoa izan zen batez beste, 224 pertsona egon ziren inplikatuta: %58 emakumeak, %46,2 30 eta 45 urte bitartekoak, %63 unibertsitate ikasketadunak eta % 62,4 enpresaburu indibidualak. Horrez gain, udalaren datuen arabera, planak 2.456 enpresari “lagundu” zien 2021ean. Datu horiekin, plana lan merkatuari dagokionez egoera zaurgarrian dauden kolektibo batzuetara heldu dela nabarmendu du udalak.
651 lanpostu berriei dagokienez, %65,6a besteren konturako lanpostuak izan zirela azaldu du Garmendiak. Eta, lanpostu berrien beste datu batzuk ere eman ditu: %52a emakumeentzat izan ziren, %42a 35 urtetik beherakoentzat eta ia %40a goi mailako ikasketak dituzten pertsonentzat. Era berean, lanpostu horietako 63 enpresa berritzaileetan sortu ziren, eta %80 finkatu egin ziren.
Planaren laguntzak
Udalak ekonomia suspertzeko planera bideratu dituen 8,5 milioi euroetatik, 5,2 milioi laguntza zuzenetara bideratu ditu; laguntza zuzenen %47a zerbitzuen sektoreak jaso ditu, bereziki, merkataritzak eta ostalaritzak. Hain zuzen ere, merkataritzak 1.862.349 euro jaso zituen, eta, ostalaritzak 828.850 euro; bien artean, 2.691.199 euro. “Laguntza horiei digitalizazioarentzako eta kontrataziorako emandako laguntzak, bi sektoreetako elkarteekin egindako hitzarmenenak eta DSS Market Plaza plataformari dagokiona erantsiz gero, 3,17 milioi euro izango litzateke merkataritzara eta ostalaritzara, denera, bideratutako dirua”, gaineratu du Garmendiak.
Bestalde, garapen profesionalaren eta enpleguaren eremuan 1.330 pertsonari eman zieten arreta 2021ean, hain justu, 2020ko pertsona kopurua baino %43 gehiago. 2021ean arreta hori jaso zuten pertsonen %56a emakumeak izan ziren, %69ak 45 urtetik gora zituzten, %28,4ak 55 urtetik gora eta %24,5a ekialdeko auzoetakoak ziren. Horrez gain, Donostiako lehenengo Gazte Talentuaren Azoka egin zuten iaz, eta 600 elkarrizketa, 189 lan aukera eta 57 enpresa izan ziren bertan.
Era berean, udalak, plan horren barruan, 319 proiektu ekintzaile babestu zituen 2021ean; horietako %15 proiektu berritzaileak eta oinarri teknologikokoak izan ziren, %31,58 biozientzien arlokoak, %21 industriakoak eta %15,8 materialen sektorekoak. “Enpresa proiektuei laguntzeko 3.595 enpresa eskaera ere izan ziren. Esan dezagun, oro har, 1.737 enpresa bakarrek jaso zituztela laguntzak, 2020an baino %61,7 enpresa gehiagok”, gaineratu du Garmendia.
Laguntza bonuen kanpaina
2021eko laguntza bonuen kanpainan 89.522 bonu saldu zituzten, 1.790.440 euroren gastua sortuz (716.176 euro Donostiako Sustapenak hartu zituen bere gain). “Gainera, DSS Market Plaza plataforma ere jarri zen abian. Gaur egun, 217 establezimendu daude atxikita, 4.400 produktu baino gehiago salgai, 4.989 erabiltzaile erregistratuta eta 157.000 euro baino gehiagoko salmentak plataforma horren bidez eginak”, gehitu du zinegotziak.