Landareak landatuko dituzte Bartzelona hiribideko berdegune batean
Erribertxo kultur elkarteak antolatuta, Lorategiak auzolanean egitasmoa jarriko dute martxan gaur. 19:00etan Landare bizikariak izeneko hitzaldia eskainiko dute Gabriel Laffitte plazan dagoen auzo elkartearen lokalean Etxauriko (Nafarroa) Sustrai Mintegiko bi kidek. Larunbatean berriz, 11:00etatik aurrera, ikasitakoa praktikan jarriko dute Bartzelona hiribideko berdegune batean landare bizikariak auzolanean landatuz. Ondoren, parte-hartzaileek hamaiketako bat egingo dute. Aurrez, doako izen-ematea egin beharko da info@erribertxo.eus posta elektronikora idatziz.
“Nik Sustrai Mintegia ezagutzen nuen, eta duela urte batzuk Jardin Herria izeneko egitasmo bat jarri zuten martxan. Batez ere, Iruñean, Etxaurin eta beste herri batzuetan diseinu tailerrak egin dituzte auzotarrekin, eta gero auzoko eremu bat aukeratu izan dute landaketa egiteko denen artean. Erreferentzia hori izanda, Erribertxon planteatu nuen ea horrelako zerbait egin ote zitekeen auzoan. Helburua, batez ere, auzotarren arteko harremanak estutzea, euskaraz egitasmoak burutzea, berdeguneen balioa ezagutzea eta auzotarrak horien zaintzan inplikatzea da”, azaldu du Mikel Alberdik, Erribertxoko kideak.
Sustrai Mintegikoekin kontaktuan jarri ziren, eta proiektua aurrera eramaten lagunduko zietela esan zieten. Bestalde, udaleko parkeetako sailarekin harremanetan jarri ziren, eta auzoko eremu batzuk proposatu zizkien udalak. “Azkenean, Bartzelona hiribidean nahiko zentrala den eremu bat eskaini digute landaketa egiteko”, zehaztu du Alberdik.
Gaurko hitzaldian lorezaintza jasangarriari buruz hitz egingo dute. “Mintegia landare bizikarietan eta lastodunetan espezializatua dago, eta pixka bat azalduko digute beraiek zer lan egin dituzten orain arte”, esan du. Larunbatean berriz, zortzi espezie desberdinetako 300 landare inguru landatuko dituzte, bizikariak eta lastodunak. “Landare bizikariek lore nahiko polita izaten dute, eta belarrek beste testura bat dute, lorea ematen dute, baina ez dira hain politak”, adierazi du.
Hitzaldira edonor joan daiteke, baina aipatu bezala, landaketarako izena eman beharko da.