Amarako argazki zaharren erakusketa inauguratu dute Easo plazako tren geltokian
Amarako Donosti Berri elkarteak 100 urte beteko ditu igandean, maiatzaren 1ean, eta mendeurrenaren bueltan, askotariko jarduerak antolatzen ari dira. Hain zuzen ere, elkartearen 100. urteurrenaren harira, Juantxo Egañak auzoko hainbat argazki zahar bildu ditu, eta erakusketa osatu du: Amara. Baserri eta paduren artean. Easo plazako tren geltokian dago ikusgai, eta ostegun eguerdian inauguratu dute, Donosti Berriko presidente Iñaki Goñi Nerbios-en, Egañaren beraren eta Euskal Trenbide Sarearen (ETS) ordezkari baten parte hartzearekin. Ekitaldia trikiti eta pandero doinuekin girotu dute.
“Gutxik ezagutzen dugu benetan nolakoa zen gure auzoa, eta aukera hori emango digu erakusketa honek”, nabarmendu du Goñik inaugurazioan. Geltokiaren arduraduna ETS denez, haren ordezkari batek ere hartu du hitza, eta pozik agertu da erakusketa geltokian jarri izanarekin: “Ezin da ulertu Amararen historia Donosti Berri gabe eta trenik gabe”. Egañak eskerrak eman dizkie San Telmo Museoari eta Kutxatekari, handik atera baititu argazkiak, eta herritarrak “garai bateko hiriaren nostalgiaz gozatzera” animatu ditu.
Asteburuan mendeurrena ospatzen jarraituko dute, larunbaterako, hilaren 30erako, egun osoko egitaraua prestatu baitute:
- 09:00etan, diana, udaleko txistulari taldearekin.
- 12:30ean, Marcelino Celiguetari omenaldia.
- 12:45ean, kalejira, Donostiako Musika Eskolako trikitilariekin.
- 14:15ean, herri bazkaria, Arroka plazan.
- 16:00etan, bazkalostean, Zurartean taldearen txalaparta eskola eta Donostiako Musika Eskolako trikitilariak, Arroka plazan.
- 19:00etan, Anonimos taldearen kontzertua, Easo plazan.
Bestalde, IRUTXULOKO HITZAk erreportaje zabala argitaratuko du bihar, hilaren 29an, Donosti Berriren mendeurrenaren harira, elkartearen eta auzoaren historia errepasatuta. Erreportajea paperezko astekarian eta webgune honetan irakurri ahal izango da, osorik.