Bultzada Txuri Urdinak objektuak zelaira botatzea kritikatu du
Azken asteotan Realaren Anoetako partiden bueltan jazotako gertakarien aurrean, komunikatu bat plazaratu du Bultzada Txuri Urdina animazio taldeak. Izan ere, azken asteotan, zelaira objektuak jaurti dituzten zaleak izan dira Anoetan, partidetan irainak entzun izan da eta Realeko zale batzuek Betiseko beste batzuekin izan zituzten istiluak, esaterako. Hain zuzen ere, Bultzadak nabarmendu du bere helburu bakarra “90 minutuetan animatzea” dela.
Era berean, Bartzelonaren aurkako partidan talde bisitariaren jokalari batzuen jarrera eta realzale batzuek zelaira objektuak jaurti izana kritikatu dute: “Harmailaren [Aitor Zabaleta Harmaila edo hego harmaila] itxiera arriskuan jarri duten Bartzelonako hainbat jokalariren probokazio etengabeak salatu nahiko genituzke. Hori esanda, gure harmailan eta taldekideen artean argi daukagu zelaira gauzak jaurtitzeak arazoak besterik ez dizkigula ekarriko”.
Horrez gain, azken asteotako gertakari horiei hedabide batzuek eman dieten tratamendua salatu dute: “Realaren egunerokotasunaz arduratzen diren komunikabide nagusien jokaera eta argitasun falta salatu nahiko genituzke”.