Danborrada berezia egingo dute larunbatean Parte Zaharrean
Union Artesana Donostiako elkarte historikoak 150 urte bete zituen 2020an, eta urtean zehar zenbait jarduera egitekoa zen, baina, pandemiaren ondorioz, gehienak bertan behera utzi behar izan zituen. Horregatik, 150. urteurrena bi urte beranduago ospatzen jarraituko dute, eta danborrada berezi bat egingo dute larunbatean, hilaren 30ean, Parte Zaharreko kaleetatik.
200 bat lagunek desfilatuko dute Parte Zaharretik danborrada horretan, elkarteko danborrada konpainiaz gain, kaldereroetako konpartsa, inauteri tradizionaletako lanpernak, Bebes de la Bulla taldea eta Aste Nagusia itxi ohi duen Agur Asteari danborrada egongo baitira. Gainera, Union Artesanarekin anaitutako elkarteetako ordezkariak eta Irungo erraldoien konpartsa ere han izango dira.
17:30ean abiatuko dira Union Artesanatik bertatik, eta honako ibilbidea egingo dute: Aldamar kalea, Soraluze kalea, Abuztuak 31 kalea, Santa Maria basilika, Mari kalea, Fermin Calbeton kalea, Portu kalea, Konstituzio plaza (geldialdi luzeagoa egingo dute), Sarriegi plaza eta Union Artesanara buelta. Herritarrak desfileaz gozatzera animatu dituzte elkartetik.