Astiñeneko zubiaren azken pieza jarri dute
Udalak irailaren 16ra atzeratu du zubi berriaren irekiera. Energiaren krisiak eragindako lehengaien garestitzeak, zubiaren egitura jartzeko arazoek eta garabiaren erabilgarritasun faltak eragin dute atzerapenean.
Azkenik, Astiñeneko zubi berriko azken pieza jarri dute. Irekiera gero eta gertuago dagoela dirudien arren, Donostiako Udalak adierazi du azken iragarpena ere ez dela beteko. Apirilaren 5ean lehen pieza jarri zutenean, udalak esan zuen zubi berria uztaileko lehen hamabostaldirako egongo zela erabilgarri. Ordea, aurreikuspen hori ere ez da beteko, eta beste lau hilabeteko atzerapena izango duela esan du udalak. Energiaren krisiak eragindako lehengaien garestitzeak, zubiaren egitura jartzeko arazoek eta garabiaren erabilgarritasun faltak are gehiago atzeratu du obra. Zubi berriaren irekiera irailaren 16an izango dela dio udalak.
Esan bezala, Egia eta Loiola lotuko dituen Astiñeneko zubi berriaren erdiko piezaren lehen zatia jarri zuten apirileko lehen astean. Bi beso ditu erdiko pieza horrek, eta horietako bat da garabi handi baten laguntzaz txertatu zutena. Zailtasun ugari izan zituzten besoa bi muturretara lotzeko. Piezak 40 metroko luzera du, eta 43 tonako pisua.
Urumea ibaiaren bi alboetako zatiek denbora daramate jarrita, eta horiek egonkortzeko hainbat lan egin dituzte. Lehen zatia iazko abenduaren 1ean kokatu zuten, Egia kalearen aldeko egituran. Bigarren zatia, berriz, otsailaren 17an, Loiolako Erriberako pasealekuaren aldean. Garabi handi zein txiki bana erabili zituzten lan horietarako.
Hiru urte luze
Astiñeneko zubi berriaren lanak 2019. urtearen hasieran hasi zituzten, eta iazko udarako bukatuta egotea aurreikusi zuen udalak. Hamabost hilabeteko epea zehaztu zuen kontratuak, eta 3 milioi euroko aurrekontua. Ordea, 2020ko martxoan atzerapen bat onartu zuen udalak, eta 2021eko otsailean ezarri zuen lanen bukaera epea. Urumea ibaian kokatzeko zutabeek eragin zuten atzerapen hori. Izan ere, azkenik 1,5 metroko diametroa izango dute, eta ez 2 metrokoa.
Tamainaren aldaketak proiektua atzeratu zuen. 2021eko irailean, berriz, proiektuaren beste aldaketa bat onartu zuen udalak, eta irailaren 14ra bitarte luzatu zuten lanak bukatzeko epea. Gainera, 300.000 euroko garestitzea ere onartu zuten. Azkenik, azaroan beste atzerapen bat onartu zuen udalak, eta ordurako %10eko gainkostua pilatu zuen proiektuak. Horrekin batera, 2022ko apirilean zubia erabilgarri egongo zela esan zuen udalak, zubiaren fabrikazioan egondako atzerapenarengatik, baina gero aurreikuspena ekainera atzeratu zuten bestelako arazoak sortu zirelako.
Azken aurreikuspenaren arabera, uztaileko lehen hamabostaldirako prest egongo da zubi berria, eta orduan eraitsiko dute oraindik zutik dirauen zubi zaharra.