"Erraldoiek mota guztietako jendea elkartzen dute"
Antiguako guraso talde batek Loretope konpartsa sortu du auzoko festetarako erraldoiak sortzeko. Bi egin nahi dituzte oraingoz: gazte danborradako sukaldaria eta urketaria, eta 12.000 euro behar dituzte horretarako. Kamisetak, poltsak eta txartelak jarri dituzte salgai, eta euren sare sozialen eta posta elektroniko bidez eskatu daitezke. Loretope taldeko Ekaitz Iberok eta Uxue Aranburuk eman dizkigute egitasmo honen inguruko azalpenak.
Nola sortu zen Loretope konpartsa sortzeko ideia?
Ekaitz Ibero (E.I.): Ni txikitan friki bat nintzen. Bideokasete bat neukan, eta irudiak gelditu eta erraldoiak margotzen nituen. Dultzaineroen danborrada autodidakta moduan ikasi nuen, eta duela urte batzuk dultzaina jotzen hasi nintzen. Beranduago, guraso izan gara eta nabaritu duguna da umeen eskaintzan ez dagoela erraldoirik, beste auzo batzuetan bezala. Antiguako jaiak gehiago daude gazteei begira antolatuta, baina umeentzat ez dago orain Ene Kantakekin modan jarri den erraldoi mundu hori. Beraz, pandemian buruari bueltaka hasi nintzen, eta guraso talde bati planteatu nion buruan neukan ideia hori.
Uxue Aranburu (U.A.): Nik uste dut Ekaitzek ideia hori bota zigun momentua oso polita izan zela. Konfinamendua pasa ostean izan zen, eta denok geunden kale gogoz. Erraldoiek, gainera, mota guztietako jendea elkartzen dute, bai umeak eta baita helduak ere. Erraldoiak egiteko ideia oso harrera ona izaten ari da, egia esan.
Zenbat zarete Loretopen?
E.I.: Guraso eroen talde bat gara eta zortzi edo bederatzi pertsonak osatzen dugu. Hala ere, atzean jende pila bat dago laguntzeko prest. Gure filosofia auzoan egitea da, auzoarentzat. Antigua guztia inplikatu nahi dugu egitasmo honetan.
Loretope izena jartzea nola bururatu zitzaizuen?
U.A.: Ideiak botatzen hasi ginenean Ekaitzek Loretope esan zuen, eta denoi ideia bikaina iruditu zitzaigun. Berak ez zekien Pico del Oro euskaraz Loretope zenik, eta horixe jartzea erabaki genuen.
Diru kanpaina bat abiarazi duzue erraldoiak egiteko. Horretarako hainbat produktu jarri dituzue salgai.
E.I.: Kamisetak, poltsak eta txartelak ari gara saltzen. Txartel horiekin zozketa bat egingo dugu ekainaren 23an, izan ere, auzoko sukaldari bat Hondarribiko Laia jatetxeko nagusia da, eta berari planteatu nion ea zer iruditzen zitzaion bere inplikazioa hori izatea. Ondo iruditu zitzaion, eta zozketaren irabazleak bi pertsonarentzako bazkari bat eskuratuko du. Gainera, maiatzaren 21ean jai erraldoi bat egingo dugu Antiguan, eta beste auzoetako erraldoiak etorriko dira: Karmenetakoak, Parte Zaharrekoak, Añorgakoak, Loiolakoak eta Grosekoak baieztatu dizkigute oraingoz.
Nolako diseinua dute kamisetek eta poltsek?
E.I.: Egin nahi ditugun bi erraldoien diseinua ikus daiteke marrazkietan. Bi erraldoi egin nahi ditugu: gazte danborradako sukaldaria eta urketaria. Gazte danborrada baino lehen Los Luises izenez ezagutzen ziren, hemengo lehenengo danborradan atera zirenak. Gero, izena aldatu zuten, eta, ondoren, gazte danborrada sortu zenean, emakumeak atera ziren lehenbiziko aldiz. Gainera, gure logoarekin egindako kamisetak ere egingo ditugu.
Eta izenak izango al dituzte pertsonaiek?
U.A.: Bai. Azaldu dugu auzo guztia inplikatu nahi dugula honetan, eta pentsatu dugu erraldoien izenak haurrek erabakitzea.
E.I.: Oraindik ez dugu pentsatu hori nola egingo dugun, baina egileari diru kopurua ematen diogunean eta erraldoiak egiten hasten denean, umeak erraldoiak bisitatzera eramango ditugu, nola egiten ari diren ikus dezaten.
Nork egingo ditu erraldoiak?
U.A.: Beasaingo egile batek. Orain egiten ari garen diru bilketa eskaera egiteko da, eta egiten hasten denean prozesu horretan bisitak egin baditzakegu oso polita izango da.
Zenbat diru behar duzue bi erraldoi horiek egiteko?
E.I.: Biak egiteko 12.000 euro behar ditugu, eta hasteko erdia eskatu zigun. Oraingoz oso gauza ohikoa egin dugu, eta mezuak ahalik eta gehien zabaltzen saiatu gara. Eskaerak helbide elektronikoz, eta Instagram edo Facebook bidez jasotzen ditugu. Horrez gain, poltsak komertzioetan jarriko ditugu salgai.
Azpimarratu duzue egitasmoa oso erantzun ona izaten ari dela oraingoz.
E.I.: Bai, ni flipatzen ari naiz. Gure asmoa dantza taldekoak inplikatzea ere bada, eta beraiek erraldoientzako dantzak asmatzea. Balsak beraiek sortzea eta auzoko dultzaineroek eta musikariek ere parte hartzea primerakoa litzateke. Hala ere, auzo guztiari zabalik dago proiektua, eta asmoa ez da honekin bakarrik gelditzea. Dinamika bat hartzen badugu, etorkizunean gauza gehiago egitea ere gustatuko litzaiguke. Momentuz bi erraldoiekin goaz aurrera.
Etorkizunean erraldoien proiektuari buruhandiena ere gehituko al diozue?
U.A.: Baditugu, baina dantza taldeak uzten dizkigu. Mailegu moduan hartzen ditugu haiekin harreman ona dugulako, baina etorkizunean buruhandiak egitea seinale ona izango litzateke. Hala ere, pausoz pauso joango gara, eta ikusiko dugu ea nola eboluzionatzen duen honek.