Erretako egurretik berpiztutako zubia
Askatasunaren hiribidea eta Mirakruz kalea lotzen dituen Santa Katalina zubia hiriko harrizko lehenengoa da. Hasieran egurrezkoa zen, ordea, eta hainbat aldiz berreraiki ostean, 1872an inauguratu zuten harrizkoa. Gaur egun lau arku baditu ere, bat gehiago zuen orduan.

Santa Katalina zubia Urumea ibaiak Donostian itsasotik hasita zeharkatzen dituen zubietatik bigarrena da, eta hiriko bi kale nagusi elkartzen ditu: Askatasunaren hiribidea eta Mirakruz kalea.
Historikoki esanguratsua da, izan ere, hiriko harrizko zubirik zaharrena da, nahiz eta hasieran egurrezkoa izan. Zubiari buruz dauden lehen erreferentziak XIV. mendekoak dira. Lehenik, Loiolako, Pasaiako, Errenteriako, Irungo, Oiartzungo eta inguruko bizilagunen joan-etorrietarako balio izan zuen.
1812an egurrezko zubia hain hondatuta zegoen, ezen Donostiako Udala berregiteko prest egon baitzen. Baina 1813an tropa inbaditzaileek erre egin zuten, Gipuzkoako eta Bizkaiko boluntarioak etorri zirenean. El Pais Vasco egunkariak 1923an argitaratu zuenaren arabera, geroago, ingelesek berreraiki zuten, eta ondoren, egurrezko beste zubi bat egin zen, Pedro Manuel Ugartemendia arkitektoak egindako diseinu bati jarraituz. 1835eko abenduan, plazako agintaritza militarrak zubia erre zuen, karlistak San Bartolome, San Martin eta San Frantziskoren jabe egin zirenean. “1836an, Evans jeneralaren gestioei esker, zubia berriro berreraiki zen”, adierazi zuen hedabide horrek.
Harrizko lehen zubia
Hondarribiko Batzar Nagusiek portuaren eta Donostiako geltokiaren artean igarotzen ziren genero eta zalgurdientzako bidesaria kendu zutenean, Santa Katalina zubia harriz egiteko ideia sortu zen. Behin betiko kostua 663.882 pezetakoa izan zen. Kopuru horretatik probintziak 425.000 pezeta ordaindu zituen, eta gainerakoa, 238.882 pezeta, udalak. Harrizko zubia 1872ko ekainaren 23an inauguratu zen. Hamabi metroko zabalera eta 127 metroko luzera zituen. Bost arkuk osatzen zuten, eta horietako bat kendu egin zen Askatasunaren hiribidea egin zenean.