Inkesta: Nola eragin dizu prezioen igoerak?

Maria Victoria Villanueva
Donostia
“Orain berogailua itzali dut eta haurrei ahalik eta azkarren dutxatzeko eskatu diet”
Gasaren prezioa asko igo dela sumatu dut. Hiru seme-alaba dauzkat, eta azken fakturetan 500 euro eta gehiago ordaindu behar izan nituen, eta lehen, aldiz, 200 ordaintzen nituen. Orain berogailua itzaltzea erabaki dut, eta haurrei ahalik eta azkarren dutxatzeko eskatu diet horrenbeste gas ez gastatzeko eta dirua aurrezteko.
Merche Villena
Elgoibar
“Supermerkatuan beti egiten dudan erosketa berbera gero eta gehiago ordaintzen dut denbora pasa ahala”
Erosten ditudan gauza guztiak garestitu dira. Gasolindegian eta supermerkatuan nabaritu dut igoera batez ere. Supermerkatuan beti egiten dudan erosketa berbera gero eta gehiago ordaintzen dut denbora pasa ahala, eta erakundeei prezioak ez igotzeko edo, gure soldatak igotzeko eskatuko nieke.
Marian Calderon
Donostia
“Gasolinaren igoera izugarria izan da, eta orain ez dut autorik erabiltzen, ezin dudalako”
Nik igoera gasolinan sumatu dut. Duela gutxi, 50 eurorekin erregai-tanga betetzea lortzen nuen, baina, orain, 70 euro baino gehiago behar izaten ditut horretarako. Igoera izugarria izan da, eta orain ez dut autorik erabiltzen, ezin dudalako. Horren ordez, garraio publikoa erabiltzen dut, eta kotxea garajean uzten dut.
Jacobo Lizasoain
Madril-Donostia
“Duela hilabete inguru 0,85 euro ordaintzen nuen ogia; orain, berriz, euro bat”
Erregaiaren prezioaz gain, ogia ere asko igo dela pentsatzen dut. Nik Ogi Berrin erosten dut, eta duela hilabete inguru 0,85 euro ordaintzen nuen; orain, berriz, euro bat. Ez diot konponbiderik ikusten horri, krisi ekonomikoarekin, pandemiarekin eta Ukrainako gerrarekin ez dakit argi pixka bat noiz ikusiko dugun berriz.
Maite Corriols
Zizurkil
“Argia merkeago dagoenean aprobetxatzen dut garbigailua martxan jarri eta janaria prestatzeko”
Urrian pixkanaka argiaren prezioa igotzen joan zirela nabaritu nuen, baina hori ez da gauza berria, urtero igotzen baitituzte prezioak. Nik adibidez, egunero, gosaldu baino lehen, argiaren prezioak begiratzen ditut. Ordu batzuetan merkeagoa izaten da, eta orduan aprobetxatzen dut garbigailua martxan jarri eta janaria prestatzeko.
Paula Astudillo
Madril-Donostia
“Ogia ikaragarri gustatzen zaidan zerbait da, baina batzuetan gutxiago jatea erabaki dut”
Ni ere ados nago Jacoborekin, egia baita ogiaren prezioa igo egin dela. Duela hilabete 1,20 euro balio zuen, baina orain bi euro ordaintzera ere iritsi naiz. Nire ustez asko igo da ogia eta ikaragarri gustatzen zaidan zerbait da, baina batzuetan gutxiago jatea erabaki dut. Irtenbidea ez da beste okindegi batera joatea, denetan berdin balio duelako.