Mende bat auzoa egiten
Amarako Donosti Berri elkarteak urteurren berezia du asteburu honetan: 100 urte beteko ditu igandean, maiatzaren 1ean. Mende bat betetzea ez da erraza, eta, horregatik, urte hasieratik ari dira ospatzen, hainbat jarduera antolatuta. Amara auzoarentzat oso elkarte garrantzitsua izan da, eta hala izaten jarraitzen du, auzo bizitza sustatzen pasatu baititu azken 100 urteak.
Donostiako harresi zaharra bota zutenean, hiria pixkanaka zabaltzen joan zen, besteak beste, gaur egungo Amara auzorantz. XX. mendearen lehenengo urteetarako, Amara lantegiz, negozioz eta, batez ere, langilez betetako auzo bat zen, eta, Donosti Berri elkarteko presidente Iñaki Goñi Nerbios-ek azaldu duenez, testuinguru horretan jaio zen Donosti Berri: «Trena auzora iristearekin batera, negozio ugari ireki zituzten, eta gero eta mugimendu gehiago zegoen: bi garbitegi zeuden, hiltegia, lantegi ugari… Amara langile auzo gisa sortu zen; esan dezakegu garai hartan gaur egungo Martuteneko industrialdea zela. Horrela, auzoa saretzeko helburuarekin sortu zuten elkartea». 1922ko maiatzaren 1ean sortu zuten, eta Amara Donostia berria zenez garai hartan, Donosti Berri izena jarri zioten. «Auzoa mugiarazteko sortu zen, elkarbizitza sustatzeko», gaineratu du elkarteko bazkide Jon Martinezek.
Biek ala biek ondo ezagutzen dute elkartea, ia mende erdi baitaramate han: 1976an egin ziren bazkide, 17 urte zituztenean. «Sartu ginenean, elkarteak ez zeukan lokalik. 1979an inauguratu genuen lokal hau [Osasun Iturria kaleko 1. zenbakian dago], auzolanean txukundu ostean. Hankaz gora zegoen, eta eguna hemen pasatzen genuen, auzolanean txukuntzen», gogoratu du Goñik.
Martinezek eta Goñik bi etapa desberdintzen dituzte elkartearen historian: sorreratik 1960ko hamarkadara arte doana, eta ordutik gaur egunera artekoa. Aitortu dutenez, hobeto ezagutzen dute bigarrena, baina lehenengoa ere garrantzitsua izan zela nabarmendu dute: «Sortu zenetik, San Joan jaiak antolatu zituen elkarteak, eta beste hainbat gauza ere egiten zituen. Ongintzarako dirua biltzeko jarduerak egiten zituzten, esaterako, eta, hain zuzen ere, karmeldarren elizako ordularia Donosti Berrik ordaindu zuen», kontatu du presidenteak.
Frankismoaren amaieran, mugimendu handia
Frankismoaren azken urteetan, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, berpizkunde bat bizi izan zuen elkarteak, garaiko gazteek bultzatuta: «Gure bazkiderik zaharrena, Eduardo, 1960ko hamarkadatik da bazkide (80 urte inguru ditu orain), eta hark kontatu izan digu frankismoaren bukaeran berpizkunde bat egon zela auzoan, eta euskararen eta euskal kulturaren aldeko talde bat sortu zela», azaldu du Goñik. Elkartea bera berpizteaz gain, auzoa berpiztu zuen talde horrek, presidenteak nabarmendu duenez: «Gauza asko antolatzen eta sortzen hasi ziren: mendi irteerak, dantza taldea, euskarazko klaseak emateko gaueko eskola (200 ikasle baino gehiago izatera heldu zen) eta San Ignazio jaiak antolatzen hasi ziren 1966an, gaur egun egiten diren moduan. Izan ere, beste jai mota baten aldeko apustua egin zuten».
Auzoarekin ez ezik, euskararekin eta euskal kulturarekin ere konprometituta zegoen Donosti Berri urte haietan, eta, horregatik, Landetxe haurtzaindegia sortu zuten. «Ikastolen sorreraren garaian, Amaran planteatu zen haurrak 3 urterekin hasi ordez, 0 urterekin hastea. Horrela, haurtzaindegi bat sortu zuten, San Roke inguruko Landetxe etxean. Horretarako, dirua biltzeko mila gauza antolatu zituzten auzoan: motokros lehiaketak, kantaldiak, Gipuzkoako artista ezagun ugarik dohaintzan emandako koadroen enkanteak, eta abar. Azkenean, Donosti Berrik Landetxe erosi ahal izan zuen, eta, auzolanean, haurtzaindegia irekitzea lortu zuten», kontatu du Goñik.
1970eko hamarkadatik aurrera, indar gehien
Franco hil ostean, are indar handiagoa hartu zuen Donosti Berrik, hain zuzen ere, Martinez eta Goñi bazkide egin ziren garaian: «Frankismoa bukatu zenean, gogo handia genuen mugitzeko eta gauzak antolatzeko», gogoratu du Martinezek. Ildo beretik jo du Goñik: «Gaur egun, 60 bazkide inguru gara, baina, garai batean, hamar edo hamabost gazte kuadrilla egoten ziren hemen, eta jende pilo bat zebilen gauzak egiten». Martinezek gaineratu du «auzo elkarte bat» ere izan dela Donosti Berri, hein handi batean: «Kultur jarduerak antolatzeaz gain, bizilagun asko arazoak kontatzera etortzen ziren, eta irtenbideak ematen saiatzen ginen, mobilizazioen bidez, edo dena delakoen bidez. Auzoa saretzeko modu bat zen elkartea: auzo batzarrak egiten ziren hemen, batzorde antinuklearrak, emakume taldeen bilerak, eta abar».
«Gauzak antolatzeko» gogo horrek ondorio ugari izan zituen, besteak beste, RAI irrati librea sortzea, Goñik kontatu duenez: «Nik ere egiten nuen saio bat irrati horretan, mundu guztia pasatzen zen handik. Irratia muntatzea erabaki genuenean, dirua behar genuen, noski, eta horretarako ere afariak, txosnak eta hainbat gauza antolatu genituen. Sekulako parrandak izan ziren! Uste dut hobeto pasa nuela irratia muntatzen, irratia egiten baino [barrez]».
Egitasmo ugari antolatzen zituzten Donosti Berritik frankismoaren ostean, baina, bazkideek diotenez, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan «sekulako indarra» hartu zuten auzoko jaiek: «Edozerekin ausartzen ginen: Lluis Llachen kantaldi bat antolatzera ere iritsi ginen!», nabarmendu dute. «Bost edo sei eguneko jaiak ziren, eta uneoro zegoen jardueraren bat; jende asko zegoen lan egiteko prest», gogoratu dute. Urte haietako jaietan antolatzen zituzten jardueren zerrenda amaiezina da: 500 bat laguneko herri afariak, berbenak, txarangak gau osoan zehar, txirrindularitza kriteriumak, kantaldiak, entzierroak, asto lasterketak, Erdi Aroko txapelketak, herri kirol txapelketak, boxeoa, borroka librea, eta abar.
Hain zuzen ere, borroka librearekin lotutako bitxikeria bat ekarri du gogora Goñik: «Euskal Herri guztian ring bakarra zegoen, baina ez ziguten alokatzen; erabili nahi bagenuen, erosi behar genuela esaten ziguten. Bada, erosi genuen. Behin baino ez genuen erabili [barrez]. Gerora, belodromoan egiten zen Euskadiko Sei Orduak txapelketari alokatu genion pare bat aldiz. Arroka kaleko biltegi batean geneukan, eta inguru horretako lanak egin zituztenean, han galdu zen ringa, ez genekielako zer egin harekin».
Argi daukate 1970eko eta 1980ko Amarako jaiak ezin zirela gainontzekoekin alderatu: «Donostiako jairik onenak ziren, zalantzarik gabe; Aste Nagusia baino hobeak, orduan Aste Nagusian ez baitzegoen ia ezer», dio Goñik. Eta, harago doa Martinez: «Auzo askotan, gure jaietako jarduerak kopiatzen hasi ziren. Porrontxoek, adibidez, guri kopiatu ziguten. Harremana ona zen, noski, eta gurekin hitz egiten zuten antolatzen genuenaren berri izateko. Gero, Egian jende gehiago bizi denez, Porrontxoak izugarri hazi dira». Era berean, Amarako bizilagunek zuten konpromisoa nabarmendu du Goñik: «Etxez etxe joaten ginen diru eske, eta jendea izugarri ondo portatzen zen gurekin. Urte batean, esaterako, hiru milioi pezetatik gorako aurrekontua izatera heldu ginen [18.000 euro inguru]; pentsa, herri askotan ez zeukaten halako aurrekonturik».
Hala ere, jaietatik harago joan zen Donosti Berriren XX. mendearen amaierako jarduna, besteak beste, txirrindularitza eskola propioa sortu baitzuten. 30 urte inguruko ibilbidea egin du eskolak dagoeneko, nahiz eta Donostialdea Bizikletan taldeak Donosti Berrirekin zuen harremana iaz eten zuen, bere bide propioa egiteko.
Donosti Berrikoen txirrindularitza zaletasuna, ordea, eskolatik harago doa, 25 urtez Amara-Goizueta herri txirrindularitza martxa antolatu baitzuten (2009an egin zuten 25. eta azken aldiz). Auzoan arrakasta handia izan zuen martxa horrek, eta urteren batean 100 parte hartzailetik gora izatera heldu ziren. «Beltzaren [auzoko beste bizilagun bat da] eta bion arteko apustu bat izan zen hasieran. Hamabi atera ginen lehenengo aldian, hiru taldetan banatuta. Gustatu zitzaigun, eta urte berean beste bi aldiz egin genuen. Ondoren, urtean behin egiten hasi ginen», azaldu du Goñik.
Auzoarekin batera aldatu da
Urteekin, gizartea aldatu den moduan, Amara ere aldatu egin da, eta, aldi berean, Donosti Berri elkartea. «Gure garaian, oso gazteak ginen elkartetik jaiak eta bestelakoak antolatzen ibiltzen ginenak, baina bakoitza bere lanarekin hasi zen, bere bizitza propioarekin… Eta jendea ez zen horrenbeste inplikatu», deitoratu du Martinezek. «Gainera, auzoko jende asko inguruko herrietara joan ziren bizitzera, ez delako erraza auzoan bizitzea. Gure belaunaldiko hiruzpalau baino ez gara gelditzen hemen», gehitu du Goñik. Hala ere, baikor agertu da presidentea: «Jende gaztea ere badabil auzoan gauzak antolatzen. Jai batzordean, esaterako, gazte asko daude. Askotan, jendeak esaten du gazteek ez dutela ezer antolatzen, baina kontuan izan behar da orain lehen baino gazte gutxiago daudela!».
Hala ere, Donosti Berrik jarduerak antolatzen ditu oraindik, azaldu dutenez: «Gu, behintzat, saiatzen gara elkartetik gauzak egiten: sanjoanetan sua antolatzen dugu Eskola dantza taldearekin, Santa Agedako eta kaldereroetako jarduerak egiten ditugu, Olentzeroren etorrera…».
Era berean, urte luzez danborrada ere antolatu zutela gogorarazi du presidenteak: «Hainbat urtez atera zen gure danborrada, baina, azkenean, uztea erabaki genuen. Orain, Amara Kirol Elkartearen danborrada ateratzen da soilik». Ildo horretatik, Martinezek nabarmendu du «emakumeak hasieratik danborrari moduan» atera zirela: «Hori egiten lehena izan zen; Kresalan urketariz atera ziren estreinakoz, baina gurean aurrenekoz danborrariz. Horrez gain, emakumeak elkarteko bazkide gisa onartu zituen lehenengo elkartea izan zen gurea: 1960ko hamarkadatik izan daitezke bazkide». Zentzu horretan, «irekiak» izan dira betidanik, bazkideen arabera: «Gaur egungo bazkideen heren bat inguru dira emakumeak. Hala ere, bikote bateko kideetako bat bazkide bada, besteak bere eskubide berberak ditu. Hau da, ni bazkide naiz, baina nire emazteak nire eskubide berak ditu elkartean».
Beste 100 urterengatik
Igandean beteko ditu Donosti Berrik 100 urte, baina urtarrilean hasi ziren mendeurrena ospatzen, Gipuzkoako batelen ligako lehen jardunaldia antolatu baitzuten orduan Urumean. Era berean, pilota jaialdia egin zuten martxoan, Juantxo Egañak auzoko argazki zaharren erakusketa inauguratu zuen atzo Amarako geltokian eta, mendeurrenarekin bat eginez, Iñaki Egaña historialariak Amarako historiari buruzko liburua ondu du. Hala ere, bihar ospatuko dute mendeurrena bere horretan, egun osoko egitarauarekin: diana, Marcelino Celiguetari omenaldia —elkarteko lehenengo bazkideetako bat izan zen, 36ko gerran fusilatua; plaka bat jarriko diote, Osasun Iturria kalean—, kalejira, herri bazkaria, txalaparta eskola, trikitilarien emanaldia eta Anonimos taldearen kontzertua.
Bestalde, maiatzaren 21ean Donostiako Bertsolari Eguna antolatuko dutela adierazi du Goñik: «Duela hiru urte, Parte Zaharrean egin zuten, hogei bat bertsolarirekin, eta formatu bera mantenduko dugu. Bertsolari guztiak Donostiakoak edo Donostian bizi direnak izango dira. Lau saio izango dira: Albokan, Kaxildan, La Bodeguillan eta Pirpiran. Ondoren, afaria egingo dugu Donosti Berrin, eta finala elkartean bertan izango da». Horrez gain, urtean zehar jarduerak antolatzen jarraituko dutela esan du: «Krosa, eskubaloi txapelketa, Aste Nagusiko txirrindularitza kriteriuma, antzerki emanaldi bat, Kiskula Huarteren azken filmaren proiekzioa… Era berean, auzoan jaiotako edo bizitako hainbat pintore daudenez (Jose Antonio Sistiaga, Bonifacio Anfonso eta Ruiz Balerdi, esaterako), haiei buruzko hitzaldi bat antolatuko dugu Koldo Mitxelenan».
Mendeurrena ospatzen ari dira orain, baina ez dira hor geldituko, Donosti Berrik bere bidea egiten jarraituko baitu Amaran, presidenteak azaldu duenez: «Uste dugu 100. urteurrenak balioko duela auzoko jendea berriz ere elkartera gerturatzeko. Egia esan, azkenaldian, zazpi bat bazkide berri gehitu zaizkigu. Badirudi 100 urte betetzeak pixka bat berpiztu duela elkartea, jendea gurekin gogoratu da. Kalera atera gara berriz, eta auzoari bizitza pixka bat ematen ari gara. Hortik aurrera, betiko martxan jarraitu nahi dugu, auzoarentzat lan egiten. Azken finean, auzoan antolatzen diren gauza guztiak hemendik pasatzen dira beti, hemen egiten dira bilerak edo dena delakoak».
Ildo horretatik, «auzo guztiarentzat irekita» jarraituko dutela nabarmendu dute: «Horretarako jaio ginen!».