Realak eta Bera Berak historia egiteko aukera dute
Asteburu historikoa izan daiteke Donostiako bi talderentzat: Realeko neskak Txapeldunen Ligarako sailkatu daitezke lehenengo aldiz, eta Bera Berak Kopa irabazi dezake.
Realeko neskek Rayo Vallecano hartuko dute Zubietan, eta partida historikoa izan daiteke, irabaziz gero, txuri-urdinak Txapeldunen Ligarako sailkatu daitezkeelako, historian lehenengo aldiz. Natalia Arroyoren taldea ligako bigarren sailkatua da, eta sei puntuko aldea hurrengo hiruekin: Atletico Madrilekin, Real Madrilekin eta Teneriferekin, hurrenez hurren. Hiru partida gelditzen dira liga amaitzeko (bederatzi puntu), eta, beraz, igandean irabaziz gero, baliteke txuri-urdinek Europarako txartela ematen dien bigarren postu horri atzera bueltarik gabe eustea. Bestela, ondo bidean, hurrengo jardunaldian lortuko lukete Txapeldunen Ligarako txartela. Rayo Vallecanoren aurkako neurketa igandean izango da, eta Reala faboritoa da, madrildarrak azken sailkatuak baitira; matematikoki ezinezkoa da dagoeneko lehenengo mailan gelditzea beraientzat.
Bestalde, Bera Berak Espainiako Kopa jokatuko du gaurtik (hilak 29) igandera (maiatzak 1) Donostian, eta euren zazpigarren Kopa irabaztea bilatuko dute. Final-laurdenak gaur bertan jokatuko dituzte, Valladoliden aurka, 20:30ean. Irabaziz gero, Atletico Guardesekin edo Granollersekin neurtuko dira bihar, eta, finalerdiak irabaziz gero, finala Malagaren, Rocasaren edo Elxen aurka (finalerdietarako sailkatu dira dagoeneko, La Calzada garaitu baitu) jokatuko dute donostiarrek.
Futbolera itzuliz, Realeko mutilek ere Rayo Vallecanoren aurka jokatuko dute igandean, baina etxetik kanpo, Madrilen. Europako postuengatik lehiatzen jarraitu nahi badute, irabazi egin beharko dute Imanol Alguacilen mutilek. Seigarren sailkatuak dira txuri-urdinak, eta hamaikagarrenak madrildarrak.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek ostegunean amaitu zuen denboraldia, play-off-etako final-laurdenetan Gironaren aurka galdu ostean. Gipuzkoa Basketek, aldiz, oraindik ligarekin jarraitzen du, eta Alacant hartuko du etxean astelehenean. Neurketa parekatua izango dela aurreikus daiteke, ligako hamargarren sailkatuak baitira donostiarrak, eta hamabigarrenak Herrialde Katalanetakoak.
Azkenik, belar hockeyan, Realak denboraldia itxiko du igandean, Taburineteren etxean. Ez da denboraldi bereziki ona izan txuri-urdinentzat, zazpigarren postuan baitaude ligan.
PARTIDAK
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 28. jardunaldia
- Reala – Rayo Vallecano (igandea, 1, 12:00etan)
Gizonezkoen lehen maila, 34. jardunaldia
- Rayo Vallecano – Reala (igandea, 1, 18:30ean)
Eskubaloia
Emakumezkoen Espainiako Kopa
- Final-laurdenak: Bera Bera – Valladolid (ostirala, 29, 20:30ean)
- Finalerdiak (aurrekoa irabaziko balu): Bera Bera – Atletico Guardes edo Granollers (larunbata, 30, 18:30ean)
- Finala (aurreko biak irabaziko balitu): Bera Bera – Malaga, Rocasa edo Elx.
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 31. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket – Alacant (astelehena, 2, 19:30ean)
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 18. jardunaldia
- Taburinete – Reala (igandea, 1, 11:00etan)