Udako kirol ikastaroetarako 1.400 plaza eskainiko dituzte kiroldegietan
Donostia Kirolak kirol ikastaroen eskaintza bat jarriko du martxan ekainaren 6tik aurrera udal kiroldegietan. Ikastaroek hiru hilabeteko iraupena izango dute: ekaina, uztaila eta iraila. Abuztuan ez da saiorik izango.
Guztira, 1.400 plaza baino gehiago eskainiko dituzte hiriko udal-kiroldegietan programatu diren 104 ikastaroetan, honako jarduera hauekin: indoor zikloa, GAP, pilates, aerobik, latinzumba, padela, Cross Training eta TRX, beste batzuen artean. Berrikuntzen artean, Total body eta Total Training eskainiko dira. Inauguratu berri den Altzako Kiroldegiak ere bere jarduera eskaintza izango du, 150 plaza baino gehiagorekin indoor zikloko, Total body, Pilates, GAP eta beste jarduera batzuetako ikastaroetan.
Ikastaro horietarako izen-emateak online egin ahal izango dira maiatzaren 2tik aurrera, ahal dela Donostia Kirolaren webgunetik, baina Donostia Kirolaren bulegoetan eta udal kiroldegietan ere egin ahal izango dira. Ikastaro guztien informazio zehatza donostiakirola.eus webgunean kontsulta daiteke.