Autobus elektriko adimendunaren lehen linea sustatzeko akordioa sinatu dute
Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak hirian autobus elektriko adimendunaren sistema abian jartzeko hitzarmena berritu dute. Bi erakunde publikoek elkarlanean jardungo dute, Dbusen egungo 17 linean mugikortasun jasangarriko sistema hori sortzeko, bederatzi autobus elektrikorekin. 25,7 milioi euroko aurrekontua zehaztu dute. Udala izango da aurretiko azterlanak eta proiektua idazteko arduraduna, eta Euskal Trenbide Sareak (ETS) beharrezkoa den aholkularitza teknikoa eskainiko du. Eneko Goia alkateak eta Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak eman dituzte hitzarmenaren xehetasunak.
Donostiako autobus elektriko adimendunak, 17 linearen bidez, Gros eta Amara auzoak konektatuko ditu, bai eta Ospitaleen gunea eta Miramon teknologia parkea ere. 15 kilometro inguruko ibilbidea egiten du, eta lotura egingo dute Anoetako topoaren trenbide saihesbidearen bitartez. Nabarmendu dutenez, horrek aukera emango die Groseko bizilagunei trenarekin “erosoago” konektatzeko.
Proiektua hiriko mugikortasun adimendunerako Smart Mobility protokoloaren parte da. Bi erakundeek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sinatu zuten 2018an, eta 25,7 milioi euroko aurrekontua aurreikusi zuten, BEZa barne, hura idazteko eta ezartzeko. Kostuaren %65 Eusko Jaurlaritzak hartuko du bere gain, 2022aren eta 2025aren artean; gehienez, 16,7 milioi euro. Gainerako %35 udalaren kargura izango da; 9 milioi euro inguru. Proiektua garatzeko epea lau urte ingurukoa izango da.
“Autobus elektriko adimendunaren linea berria udalak beste erakunde batzuekin elkarlanean sustatzen duen mugikortasun eskema berriaren zati da; Datorren Donostia mugikortasun jasangarriko planaren barruan garatzen ari gara”, azaldu du Goiak. “Oso ongi egokitzen zaio hiriarentzako mugikortasun paradigma berri horri; izan ere, garraio garbia aldagailuarekin eta beste garraio sistema publiko batzuekin konbinatzen du, topoaren kasuan bezala”, gaineratu du. Garraio sistema berri hori “garbiagoa, publikoagoa eta eraginkorragoa” izango dela nabarmendu du; “Emisioak murrizten eta Donostia ibilgailu pribatuaren erabileraren alternatiba den garraio sistema diseinatzearen alde egiten ari den apustua egiten lagunduko du”.
Proiektuak geltokietan eta kotxetegian karga elektrikorako beharrezkoak diren instalazioak aurreikusten ditu. Tituluen salmenta eta baliogabetze sistema geltokietan egiteko aukera eskainiko du, tranbiaren eta Gasteizko autobus elektriko adimendunaren kasuan antzera. Horiek horrela, tarifa integrazioa jasoko du, eta Mugi, Barik eta Bat txartelekin ordaindu ahalko da.