EH Bilduk GI-20 saihesbidea eraldatzeko proiektua aurkeztuko du Egian, Loiolan eta Loiolako Erriberan
Intxaurrondon eta Añorgan aurkeztu ondoren, GI-20 saihesbidea eraldatzeko EH Bilduk diseinaturiko parte hartze prozesua Egia, Loiola eta Loiolako Erribera auzoetara eramango dute. “Hiru auzo horiek elkartzen diren eremua Amaratik Polloeko tuneleraino iristen den biaduktuak zeharkatzen du. Beraz, igarobideak hirian inpaktu oso handia duen eremu bati buruz ari gara, eta dagoeneko hainbat proiektu aurkeztu dira zati hau eraldatzeko. Esaterako, Goia alkateak berak 2011n proposatu zuen biaduktua osorik kentzea”, azaldu du udal taldeak.
Eremu horretako saihesbidea eraldatzearen ondorioz hobekuntza handiak egin ahal izango direla uste dute, “hiru auzoetako herritarren bizi kalitatean eragin positiboa izango dutenak”. Izan ere, GI-20ko errei batzuk murriztuta, eremu horretan zazpi hektarea liberatuko direla diote, eta bi adibide eman dituzte: “Paisaia hobetzeaz gain, La Salle ikastetxea Loiolako Erriberarekin lotu ahal izango litzateke, eta Astiñene baserriaren atzealdetik bizikletaz lotura bat egin daiteke GI-20 berriak izan beharko lukeen bidegorri berriarekin. Eta horrek guztiak asko erraztuko luke ekialdetik hiriaren erdigunera eta lantokietara bizikletaz joatea”.
Hiru bilera publiko
Egia, Loiola eta Loiolako Erribera auzoei dagokienez, EH Bilduk liburuxka bat banatu du bakoitzean etxez etxe: “Parte hartzea sustatzeko, zalantzak argitzeko, iritzia emateko eta proposamenak egiteko herritarren eskura jarri ditugun bideen berri emateko dira”. Horrekin batera, hiru bilera publiko antolatu dituzte. Lehena etzi izango da, hilaren 4an, Egiako Teila Fabrikan (18:30). Hirigintza feministari eta mugikortasunari buruzko hitzaldia antolatu dute, eta Ula Iruretagoiena arkitektoak emango du. Bestalde, batzar irekia egingo dute Teila Fabrikan hilaren 11n (18:30) eta Loiolako kultur etxean hilaren 12an (18:30).
Bestalde, aldebiko bilerak antolatzen ari dira auzo horietako eragileekin, proiektua aurkezteko eta haien iritziak “lehen eskutik” jasotzeko. “Gainera, erakusketa ibiltari bat hiru auzoetan jarriko dugu (bihar asteartea Tabakaleraren aurrean, ostiralean Loiolan eta larunbatean Loiolako Erriberan), eta EH Bilduko kideek zuzenean erantzungo dituzte herritarren galderak”. Gainera, formulario bat jarri dute herritarren eskura, nahi duenak bere iritzia eta proposamenak zuzenean bidaltzeko.
GI-20 saihesbidea eraldatzearen helburua gogora ekarri du udal taldeak: “Guztion artean, saihesbidea eraldatzeko proposamen zehatza eta integrala osatzea, eta 2023aren hasieran aurkeztea. Egia, Loiola eta Erriberekin, prozesuaren lehen fasea itxiko dugu eta, uda ondoren, saihesbide zaharra igarotzen den gainerako auzoetan jarraituko dugu”.