Amarako historia, argazkien bidez
Amara auzoak ez du beti izan gaur egun duen itxura, duela 100 urte pasatxora arte padurak eta baserriak baitziren nagusi. Landa eremua zen Amara, eta nekazaritza zein abeltzaintza jarduerak egiten zituzten garaiko herritarrek, eta inguruko padurak aisialdirako erabiltzen zituzten. Ondoren, hiria zabaltzen hasi zen, eta auzoaren izaera aldatu egin zen, batez ere, trena Easora iritsi zenean.
Historia hori guztia argazkien bidez ezagutzeko aukera dago orain Easo plazako tren geltokian, Juantxo Egañak argazki zaharren erakusketa jarri baitu bertan: Amara. Baserri eta paduren artean. Donosti Berri elkartearen 100. urteurrenaren harira antolatu dute erakusketa, eta urtearen amaierara arte egongo da ikusgai. Elkarteak mende bat bete zuen igandean, eta larunbatean egun osoko festarekin ospatu zuten. Gainera, hedabide honek Donosti Berriren historia luze zabalean errepasatu zuen joan den astean.
Jarraian, erakusketako argazkien irudi bilduma: