Realak Izan eraikina handituko du emakumezkoen futbola sustatzeko
Donostiako Udalak behin betiko onartu du Realaren Zubietako kirol instalazioetan Izan eraikina handitzeko xehetasun azterlana. Hain zuzen ere, eraikin hori emakumezkoen taldeak jokatzen duen Z7 zelaiaren albo batean dago.
Eneko Goia alkateak esan du “kasualitatea” dela udal gobernuak espediente hau onartu izana. Gogora dezagun emakumeen taldeak asteburuan lortu duela Txapeldunen Ligan jokatzeko txartela.
Helburua da emakumezkoen futbola indartzeko instalazioak handitzea. Klubak iazko abuztuan iragarri zuen Zubietako instalazioak berritu eta handitzeko asmoa zuela, eta lehen urratsa Izan eraikina handitzea izango da.