Anoeta da 2023ko Top 14 errugbi txapelketako finalerdiak hartzeko hautagai nagusia

Baliteke Anoeta estadioak Frantziako Top 14 goi mailako errugbi txapelketako finalerdiak hartzea 2023an, Midi Olympique komunikabide espezializatuak argitaratutako informazioaren arabera. Hain zuzen ere, Ligue Nationale de Rugby (LNR) erakunde antolatzailearentzat lehentasun gehien duen aukera da Anoeta.
Top 14 txapelketan ohiko faseko sei talde onenek hartzen dute parte: lehenengo bi sailkatuak zuzenean sailkatzen dira finalerdietarako, eta hirugarrenak, laugarrenak, bosgarrenak eta seigarrenak beste kanporaketa bat jokatzen dute aurretik. Aurten, ekainaren 18an eta 19an jokatuko dituzte finalerdiak, Nizan. Finala, aldiz, ekainaren 24an izango da, Parisen. Datorren urteko finalerdiak Anoetan jokatuko balira, ez litzateke Top 14ko kanporaketa bat Frantziako Estatutik kanpo jokatzen den lehen aldia izango, 2016an Bartzelonako (Herrialde Katalanak) Camp Nou estadioan izan baitzen finala.
Bestalde, Anoetan hainbatetan jokatu izan dira goi mailako errugbi partidak; besteak beste, Baionak eta Miarritzek jokatu izan dute. Era berean, 2016an AEBen eta Tongaren arteko nazioarteko neurketa Anoetan jokatu zen.