Artikutzako bisita gidatuak, maiatzean: Goizaringo burdinola eta Artikutzako anfibioak ezagutuko dituzte

Donostiako Udaleko Ingurumen sailak bi bisita gidatu antolatu ditu maiatzerako Artikutzan: lehenengoa igandean, hilaren 8an, eta bigarrena hilaren 29an. Bietarako izen ematea zabalik dago, eta hiru modutan egin daiteke: udalaren webgunean bisita bakoitzeko galdetegia beteta, artikutzanatura@donostia.eus helbidera idatzita edo 679-61 30 16 telefono zenbakira deituta (astelehenetik ostegunera, 11:00etatik 16:00etara). 6 eta 16 urte artekoentzako prezioa 2,09 eurokoa da, eta 16 urtetik gorakoentzako 3,14 eurokoa.
Igandeko ibilaldian Altueta ingurua eta Goizaringo burdinola ezagutuko dituzte parte hartzaileek, hamabi bat kilometroko bisita gidatuan. Artikutzako herritik abiatuko dira Altuetarantz, Elama eta Artikutza ibaiak elkartzen diren puntutik aldapan gora joanda. Altuetatik, Goizaringo burdinolara jaitsiko dira, ondoren, Elama ibaia jarraituta, herria itzultzeko.
Hilaren 29ko irteeran, aldiz, Enobietako ibaiko anfibioak aztertuko dituzte, Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologia ataleko kide batzuen laguntzarekin. Artikutzako herritik abiatuko dira, eta Enobietako urtegi zaharraren inguruko pista hartuko dute. Ondoren, lehen urez beteta zegoen gunetik itzuliko dira, urpean egondako gainazala nola naturalizatzen ari den ikusteko. Hainbat anfibio espeziek urmaelak eta ur laster txikiak nola aprobetxatzen dituzten ikusiko dute.