Emma Kunz sendalariaren unibertsoa ikusgai Tabakaleran, familiei zuzendutako erakusketa berrian

Tabakalerak esperimentazioari eskainitako erakusketa berria zabalduko du bihar Lau Pareta aretoan, eraikinaren lehen solairuan. Situ-akzioak. Emma Kunz proposamenak familia giroan zentzumenak aktibatu, arteaz gozatu eta ikasteko aukera ematen du, eta abuztuaren 28ra arte egongo da ikusgai.
Erakusketa aretoaren diseinua Juntura, arkitektura, espazioak eta prozesuak kooperatibak egin du, Tabakalerako Hezkuntza arloarekin eta familia talde batekin lankidetzan. Emma Kunz (Suitza, 1892-1963) sendalari eta ikertzailearen lana eta lan-metodologia hartzen ditu abiapuntutzat. Sortzaile suitzarraren lanak beste artista garaikide batzuen obrekin jarri dira harremanetan bertan. Kunz paper milimetratuaren gainean egindako marrazki berezi eta biziengatik da ezaguna, batik bat. Pendulu batekin, konpas batekin eta erregela batekin egindakoak dira, eta erakusketara gerturatzen direnek forma geometriko askotarikoak eta koloretsuak aurkituko dituzte, baita naturari, medikuntzari eta botanikari buruzko erreferentziak ere.