Intxaurrondon egingo dute aurtengo Janen ibilaldia

U Kolektiboak eta Donostiako Impact Hubek antolatuta, Janen ibilaldia egingo dute larunbatean Intxaurrondon. “2022an, Intxaurrondo auzoan ibilaldi bat egitea proposatzen dizuegu, hiriko bosgarren auzorik jendetsuena baita. Intxaurrondo bere topografiagatik eta azpiegiturengatik markatuta dago, eta hauek osatzen dituzten bide eta trenbidearengatik: Intxaurrondo Zaharra, berria, iparraldea eta hegoaldea”, azaldu dute antolatzaileek. Eraikin mota ugari bisitatuko dituzte: bloke isolatuak, etxadi itxiak, familia bakarreko etxebizitzak, eta abar. Era berean, plaza eta kale mota asko ezagutuko dituzte.
09:30ean abiatuko dira Sagastieder plazako topoaren geltokitik, eta geldialdi hauek egingo dituzte: 10:30ean, Zarategi pasealekuko bolatokian; 11:30ean Garroko zubian; 12:00etan, Renferen geltokian; 12:30ean, Ategorrietako erlojuan; 13:00etan, Zarategi pasealekuko salesiarren zentroan eta Sagastiederren bukatuko dute ondoren.
Mundu osoan Jane Jacobs hirigilearen omenez antolatzen diren ibilaldietako bat da Donostiakoa. Aurreko urteetan, Parte Zaharra, Altza, Loiola, Amara, Gros, Añorga, Amara Berri eta Txomiñenea auzoetan egin dituzte. Ibilaldiak doakoak dira, eta helburua da, interes estrategiko eta turistikoetatik harago, auzoko kaleak eta bizilagunak ezagutzea.