Maria Dolores Agirre idazlearen bizitza errepasatu dute Errezilgo San Martin eskolako haurrek

Maria Dolores Agirre (Errezil, 1903 – Donostia, 1997) idazlearen bizitza ikasten ari dira Errezilgo San Martin eskolako LH5 eta LH6 mailako ikasleak. Gaur Donostiara etorri dira, eta Maria Dolores Agirre kalea eta haren antzezlanak aurkezten ziren Antzoki Zaharra ezagutu dituzte, besteak beste. Gainera, haren bizitzari buruzko antzezlan bat egin dute eta Antzoki Zaharrean entseatzeko aukera izan dute.
“Maria Dolores Errezilgoa zen, eta urte hasieran eskolan haren bizitzaren inguruko proiektua lantzea erabaki genuen. Lan asko egin dugu proiektu honetan: lehenengo bere biografia ikasi genuen, gero PowerPoint bat egin genuen, ondoren QR bihurtu genuen eta jarraian, bere jaiotetxean jarri genuen, Errezilen”, azaldu du Joseba Bikendik, ikasleen tutoreak.
Orain antzerkia lantzen ari dira, eta Agirreren bizitza nolakoa izan zen aurkezten dute haurrek antzezlanean. “Ikusi genuen Maria Dolores Agirre errezilgo pertsona famatua izan zela, eta gainera, euskaltzalea eta irakaslea izandakoa. Iruditu zitzaigun ezagutzeko moduko pertsona bat zela eta biografia lantzeko asmoa genuen hasieran. Horrekin hasi ginen eta egia da gauza batek bestea ekarri duela, eta dena borobiltzen joan da”, zehaztu du Bikendik. Antzezlanak 15 minutuko iraupena du gutxi gorabehera, eta jendaurrean ekainaren 12an aurkeztuko dute, Errezilen egingo den Eskola Txikien Jaian.
Agirreren biografia ikasteko bidelagun izan dute Lourdes Auzmendi itzultzailea, eta baita gaurko txangoan ere. Auzmendik Agirreren biografia idatzi zuen duela zenbait urte, izan ere, Itzultzaileen Elkartean ezagutu baitzuen bera. “Maria Dolores izan da euskal antzerkigintzaren historian euskal antzerki gehien itzuli zituena, eta dudarik gabe, hobekien itzuli zituena. Gaur errepasatu dugu non bizi izan zen, baina batez ere, bere antzerki obrak non antzezten ziren Santo Tomas egunez, eta gerora, San Sebastian egunez ere bai. Horregatik gaude Antzoki Zaharrean”, azaldu du Auzmendik. Bere esanetan, “izugarria” zen Agirre: “Irekia, jakintsua eta euskara zale amorratua zen, baina batez ere, berari gustatzen zitzaiona antzerkia zen”, azpimarratu du.
Errezilgo haurrek Aizpea Goenaga aktorea ezagutzeko aukera ere izan dute gaurkoan. Gainera, Goenagak berak idatzitako antzerki gida bat oparitu die, haurrek antzerkia euskaraz landu dezaten. “Andre Dolores auzokoa genuen eta asko maite genuen. Erdialdekoa zen, San Martin merkatuaren ingurukoa, bera Urbieta kalekoa zen, eta ni ere bai. Etxeko laguna zen”, azaldu du Goenagak.