Urketariaren eskultura probatu dute Sarriegi plazan

Donostiako Udalak joan den astean jakinarazi zuen Sarriegi plazan urketariaren eskultura jarriko duela, plaza berrantolatzeko lanekin batera. Hain zuzen ere, eskultura nola geldituko den probatu dute gaur, hilaren 4an, eta hilaren 14an inauguratuko dute, Donostiako PSE-EEk jakinarazi duenez. Nino Barriuso egilea proban presente egon da.
Union Artesana elkarteak 2019ko abenduan iragarri zuen urketari baten eskultura jarriko zutela Sarriegi plazan, elkartearen 150. urteurrenaren barruan. Pandemiak, ordea, asmo hori atzeratu zuen, orain arte. Bestalde, danborrariaren eskulturaren inguruko salaketa bat egin du gaur bertan PSE-EEk, margotuta agertu delako; monumentuaren materiala ez kaltetzeko, adituek garbituko dute.
Udalak 339.241 euroko aurrekontua bideratuko du plaza berrantolatzeko. Bi jardueratan banatuta dago. Batetik, plaza berrantolatuko dute –131.609 euro bideratuko dituzte horretarako–, eta, bestetik, plazako azpiegiturak berrituko dituzte –207.632 euro beharko dituzte lan horietarako–. Plazan dagoen erdiko parterrea kenduko dute, beste espazio batera eramateko. Plazaren erdiko farolaten azpiko idulkia ere mugituko dute, eremu osoa birzolatu behar delako.