Zeintzuk izango dira 2023ko jaiegunak Donostian?

Eusko Jaurlaritzak asteartean onartu zuen 2023. urteko lan egutegia: hamabi jaiegun egongo dira, eta Donostiak beste bi jaiegun propio izango ditu. 2022koarekin alderatuta, irailean dago desberdintasun nagusia, aurten irailaren 6a jaieguna izango baita, Juan Sebastian Elkanok munduari bira eman zionekoa oroitzeko.
2023an, honakoak izango dira Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako jaiegun komunak: urtarrilaren 6a, Errege eguna (1a igandea denez, ez da jaiegun gisa hartzen); apirilaren 6a, 7a eta 10a (Aste Santuko osteguna, ostirala eta astelehena, alegia), Maiatzaren Lehena (Langileen Nazioarteko Eguna); uztailaren 25a (Santiago); abuztuaren 15a (Ama Birjinaren Eguna); urriaren 12a (Hispanitatearen Eguna); azaroaren 1a (Santu Guztien Eguna); abenduaren 6a (Espainiako Konstituzioaren eguna); abenduaren 8a (Sortzez Garbiaren eguna) eta abenduaren 25a (Eguberri eguna). Horrez gain, Donostiak beste bi jaiegun propio izango ditu 2023an: urtarrilaren 20a, San Sebastian eguna, eta uztailaren 31a, San Ignazio eguna.
Horrela, lau zubi egiteko aukera izango dute herritarrek datorren urtean: uztailaren 25ekoa (asteartea izango da), abuztuaren 15ekoa (asteartea izango da), urriaren 12koa (osteguna izango da) eta abenduaren 6koa eta 8koa (asteazkena eta ostirala izango dira, hurrenez hurren).