Abortatzeko eskubidearen kontrako ekitaldiak debekatzeko "neurri eraginkorrak" hartzea exijitu dute Donostiako talde feministek
Ohartarazi dute talde ultraeskuindarrek beste deialdi bat zabaldu dutela larunbaterako.

Abortatzeko erietxe batera joaten diren emakumeei jazarka aritzen direnak zigortzeko legea onartu zuen Espainiako Senatuak joan den apirilean. Izan ere, abortatzeko eskubidearen kontrako hainbat elkartek protestak egin ohi dituzte zentro horien atarian. Besteak beste, Donostiako Askabide klinika inguruan tentsio uneak izan dira protesta hauek direla eta. Rezar no es delito (Errezatzea ez da delitua) lelopean “prozesio bat” egin zuten joan den apirilaren 2an. Martxaren buruan Vox alderdi ultraeskuindarreko kideak izan ziren, tartean, Juan de Dios Davila, Gipuzkoako Vox-eko hautagaia. Abortatzeko eskubidearen aurkako mezuak zabaldu eta mezu matxistak erakutsi zituzten Koldo Mitxelenatik klinikaraino egindako ekitaldian.
Donostiako hainbat talde feministek (Amarako Talde Feminista, Donostiako Bilgune Feminista, Groseko Asanblada Feminista, Morlansko Talde Feminista, Intziri, eta Plazandreok) ohartarazi dute talde ultraeskuindarrek beste deialdi bat zabaldu dutela larunbaterako. Donostiako Koldo Mitxelena liburutegitik abiatuta, prozesioan, Askabide klinika pareraino joateko, joan den apirilaren 2an egin zuten bezala. Ohar bidez zabaldu duten mezuan azpimarratu dute egitasmo horrek emakume guztion sexu eta ugaltze eskubideak urratzen dituela, eta bestetik, legez kanpokoa dela joan den apirilaren 14a ezkero. Lege berriaren arabera, eraso horiek hiru hilabete eta urtebete arteko kartzelarekin edo komunitateko lanekin zigortuko dira.
Oharraren sinatzaileek azaldu dute egoera larria dela, eta Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari exijitu diote “neurri eraginkorrak” hartzea deialdi hori debeka dadin.
Talde feministek gogoratu dute Donostiako Udaleko Berdintasun Kontseiluak, 2022ko martxoaren 30ean eginiko bilkuran, adierazpen bat egin zuela, eta abortatzea erabakitzen duten eta jazarpena jasaten duten emakumeei “babes osoa” adierazi ziela: “Askabide klinikari eta bertako langileei elkartasun eta babes osoa adieraziz, eta emakumeek euren eskubideak askatasunez egikaritzeko topatzen dituzten oztopo ideologiko eta administratiboak ezabatzeko neurri eraginkorrak har daitezen eskatuz”.