50 urte Clara Campoamor gabe
Clara Campoamor ez zen donostiarra, baina Donostiarekin lotura izan zuen. Hain zuzen ere, Polloeko hilerrian dago lurperatuta, Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zenean hirian zegoelako. Errepublikaren eta, batez ere emakumeen boto eskubidearen alde gogor egin zuen lan. Mende erdia bete berri da zendu zela.

Gaur egun, munduko ia edozein lekutan pentsaezina da emakumeek boto eskubiderik ez izatea. Ordea, eskubide horrek ez ditu urte asko: Espainiako Estatuan, esaterako, duela 100 urte baino gutxiago aitortu zen, 1931ko abenduan, eta emakumeek 1933an erabili zuten botoa emateko eskubidea estreinakoz.
Eskubide hori emakume askoren borrokari esker lortu zen, besteak beste, Clara Campoamor politikari, idazle eta abokatuaren borrokari esker (Madril, Espainia, 1888ko otsailaren 12a Lausana, Suitza, 1972ko apirilaren 30a).
Kongresura heldu zen telegrafista
10 urte baino ez zituela, lanean hasi behar izan zuen Campoamorrek, bere aita hil egin baitzen, eta etxean laguntza behar baitzuten. Hori dela eta, ikasketak atzeratu behar izan zituen, baina ez zituen alde batera utzi. Hain zuzen ere, 1910ean, Correosko telegrafista izateko oposizioak gainditu zituen, eta Zaragozan (Aragoi, Espainia) telegrafista gisa lan egiten hasi zen, urte hartako uztailean. 1911ko irailaren 3an, aldiz, Donostiara lekualdatu zuten, eta hemen egin zuen lan lau urtez.
1914an, ordea, plaza bat eskuratu zuen Instrukzio Publikoko Ministerioan, eta, horri esker, Madrilera itzuli zen, Emakume Helduen Eskolan takigrafia eta mekanografia irakasle lanetan aritzera. Handik urte batzuetara, 1924an, Zuzenbidean lizentziatu zen, eta abokatu lanetan hasi zen.

Clara Campoamor (eskuinetik, bigarrena) Urumea frontoiko mitinean parte hartu zuten beste hizlariekin. Erdian, Miguel Unamuno idazle ezaguna dago. (Argazkia: Fotocar bilduma/Kutxateka)
Garai hartan hasi zen politikan eta feminismoan murgiltzen; besteak beste, Carmen de Burgos sufragistarekin harremana izan zuen. Era berean, La Tribuna komunikabide kontserbadorean idazten hasi zen, eta zenbait erakunde feministetan militatu zuen: hala nola, Espainiako Elkarte Abolizionistan eta Madrilgo Lyceum Club Femenino emakumeen elkartean.
Horrela, 1931ko ekainean, emakumeek oraindik boto eskubiderik ez zutenean, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara aurkeztu zen, Alejandro Lerrouxen Partido Republicano Radical alderdiarekin. Espainiako II. Errepublikako lehenengo hauteskunde orokorrak izan ziren —urte hartako apirilean aldarrikatu zuten—, eta Campoamorrek eserleku bat lortu zuen Espainiako Kongresuan. Era berean, errepublikaren konstituzioa idazteko prozesuan parte hartu zuen, eta, besteak beste, eskatu zuen konstituzioak emakumeen boto eta dibortzio eskubideak aitortzea, ezkongabeen seme-alabek ezkondutakoenen eskubide berberak izatea eta prostituzioaren abolizioa ezartzea.
Horrela, 1931ko Konstituzioak emakumeen boto eskubidea aitortzea lortu zuen, kongresuko diputatu ugari aurka bazeuden ere, besteak beste, Partido Republicano Radical Socialista alderdiko Victoria Kent. Elizak emakumeengan eragin handiegia zuela argudiatzen zuen Kentek, eta, beraz, alderdi kontserbadoreei mesede egingo ziela euren boto eskubidea aitortzeak. Horren harira, eztabaida esanguratsua izan zuten bi emakumeek kongresuan.
36ko gerran, erbestera
1933ra arte izan zen diputatu, baina handik aurrera politika instituzionaletik aldendu zen. 36ko gerra bete-betean, 1937an edo 1938an, erbestera joan behar izan zuen: Buenos Airesen (Argentina) egon zen lehenengo, Parisen (Frantzia) ondoren, eta 1955etik hil zen arte, Lausanan (Suitza).
Izan ere, ezin izan zuen inoiz Espainiara itzuli, besteak beste, erregimen frankistak espediente bat ireki ziolako 1930eko hamarkadan masoneriarekin izan zituen harremanengatik.

Plazandreok alderdiko hainbat kide sufragistaz jantzita Polloeko hilerrian, 2011n, Campoamorren omenezko ekitaldi batean. (Argazkia: Plazandreok)
Estima zion Donostiari
Hil eta hamazazpi egunera, Campoamorren gorpuzkiak Polloeko hilerrira ekarri zituzten, estima handia baitzion hiriari: alde batetik, hemen egin zuelako lan lau urtez, eta, bestetik, Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zenean hirian zegoelako. Horrela, Polloen jarraitzen du Campoamorrek, Monso Riu sendiaren panteoian, familia hartako amabitxia baitzen.
Horrez gain, hirian ere presente dago Campoamor, haren omenezko eskultura bat baitago Kontxa pasealekuan, La Perla bainuetxetik gertu —Bentaberrin zegoen lehen—. Hain zuzen ere, pasa den larunbatean, politikariaren heriotzaren 50. urteurrenean, Emakumeen Mugimendu Demokratikoak eskulturan bertan omenaldia egin zion.
Hiriko beste hainbat eragile feministek ere Campoamorren figura goraipatu izan dute urteotan. Esaterako, Plazandreok alderdiak madrildarraren omenezko ekitaldiak egin izan ditu Polloeko hilerrian bertan, sufragistaz jantzita. Izan zirenengatik garelako.