Behar zuten zahar etxea daukate orain Intxaurrondon
Atzerapen askoren ondoren, Intxaurrondoko zahar etxea ireki dute, Pablo Sorozabal plazako eraikin berrian. Intxaurralde elkarteak kudeatuko du, eta dagoeneko ari dira egoitza berriaren eragina nabaritzen, gero eta bazkide gehiago baitituzte.
“Boom bat izaten ari da. Nahiz eta lan handia egiten ari garen egunotan, oso pozik gaude”. Intxaurralde elkarteko presidente Isabel Manzisidorren hitzak dira, Intxaurrondon inauguratu berri duten zahar etxeko lehenengo egunak nolakoak izaten ari diren galdetuta.
Izan ere, Intxaurrondoko adinekoentzako elkarteak denbora asko zeraman egoitza berri baten zain. Orain, Pablo Sorozabal plazako gune berria irekita, egunez egun bazkide gehiago ditu elkarteak, Manzisidorrek azaldu duenez: “Aurreikusten genuen hori gertatuko zela, jende asko lokal berria irekitzeko zain baitzegoen bazkide egiteko. Lehendik zeuden bazkideek pazientzia handia izan dute, eta denbora honetan guztian bizi izan ditugun gorabeherak jasan dituzte. Orain, lokal berriarekin oso pozik daude”.
Orain arte, Txara I zentroko lokal batean zeuden Intxaurraldekoak: “45-50 metro koadroko lokal bat genuen. Azken urteotan, hor antolatu izan ditugu jarduera gehienak; gimnasia, esaterako, Monseko kiroldegian egiten genuen, baina gainontzeko jarduerak lokal horretan antolatzen genituen”, gogoratu du presidenteak. Egoitza berrian, ordea, askoz jarduera gehiago garatzeko aukera dutela nabarmendu du: “Momentuz, aurretik antolatuta genituen jarduerak bere horretan mantenduko ditugu, urtarriletik abendura izaten ditugulako ikastaroak. Ordea, asmoa da irailean bazkideei galdetzea ea zer gustatuko litzaiekeen egitea. Galdetuko diegu zer behar dituzten, zer egiteko gogoa duten, eta abar. Hortik aurrera, batzordean aztertuko ditugu proposamenak, eta ikusiko dugu”.
Egoitza berriak, beste hainbat ekipamenduren artean, taberna dauka, eta hori oso garrantzitsua dela nabarmendu du Manzisidorrek: “Tabernak, sozializatzeko garaian, asko laguntzen die adinekoei. Zahar etxe batean pentsatzen dugunean, jende askok oraindik pentsatzen du halakoetan adinekoek soilik kartetan eta bingoan jolasten dutela, baina ez da hala, askoz harago doa: irteerak eta bidaiak ere antolatzen ditugu, adibidez. Auzoarentzat oso ona izango da gune hau”.
500 metro koadro eta 500.000 euro
Instalazioek ia 500 metro koadro dituzte, eta udaleko Gizarte Ekintzak eta Etxegintzak elkarlanean egin dute, 480.634 euroko inbertsioa eginda. Intxaurraldek kudeatuko dituen instalazioak Etxegintzak Monsen eraiki dituen adinekoentzako apartamentu berrien behealdean daude, eta honako zerbitzuak eskainiko dituzte, besteak beste: taberna, jangela, ile apaindegia, higienea, oinak eta eskuak apaintzeko zerbitzua.
Establezimendu berriak bi areto zabal ditu, bakoitza 50 metro koadrokoa baino gehiagokoa, batzarretarako bulego bat, ile apaindegia, bilera gela, sukaldea, jangela, taberna-kafetegia, harrera gunea, komunak, aldagelak, biltegia eta beste espazio batzuk. 284 metro koadroko terraza bat ere badauka.
Udalak azaldu duenez, zahar etxean aurreikusten diren zerbitzu berrien artean, Goizaldiak adineko ahulen eguneko arretarako udal zerbitzua ere badago. Udaren amaieratik aurrera jarriko dute martxan.
Atzerapen asko izan ditu
Luzea eta malkartsua izan da Pablo Sorozabal plazako eraikinak egin duen bidea. Izan ere, 2013an onartu zuten proiektua estreinakoz, eta 2014an eraikuntza baimena onartu zuten, baina lanak ez ziren 2016ra arte hasi. Eraikinak prest egon behar zuen 2018ko udaberrirako, baina zimendu sistemarekin arazoak izan ziren, eta lanak eten egin ziren 2017ko uztailetik 2018ko ekainera. 2020ko udazkenerako prest egon behar zuen, baina, azkenean, gehiago atzeratu zen, eta joan den ostiralean inauguratu zuten zahar etxea.
Intxaurralde, 1987tik
Intxaurralde 1987an sortu zen, eta 300 bazkide ditu gaur egun (213 emakume eta 87 gizon); zuzendaritza batzordeko kide guztiak, gainera, emakumeak dira. Gaur egun adinekoentzako jarduera ugari antolatzen dituzte, esaterako, prebentziozko jarduerak, kultur arlokoak, aisialdikoak, eta bestelakoak egiten dituzte. Azken horien artean, udalak nabarmendu du auzoko estalitako petanka pistan egiten dutena: “Elkarteko kide batek koordinatuta, egunero hogei pertsona inguru mugitzen ditu, urteroko txapelketa bat egiteaz gain”. Eneko Goia alkateak ere elkartearen jarduna goraipatu zuen zahar etxearen inaugurazioan: “Zuen lana ordezkaezina da”.