Egiako parkera igotzeko bidea konpontzen hasi dira
Duela urtebete inguru hondatu zen Egiako parkera igotzeko bidearen zati bat, luizi baten ondorioz. Azkenik, bidea konpontzeko lanak hasi ditu Donostiako Udalak. “Pilote txikiz osaturiko pantaila bat egiten ari dira bidearen ertzean, bideari eusteko. Gero, zorua sendotuko dute, eta gaur egun dagoen areka ere aldatuko dute”, esan du Hiri Mantentze Lanetako zinegotzi Miguel Angel Diezek. Obraren aurrekontua 102.000 eurokoa da, eta sei asteko iraupena izango dute.
Pilote txikiak jartzeko, aste honetan zulo bat egiten ari dira bidearen ertzean. 41 metroko luzera eta metro erdiko zabalera izango du, eta piloteak jartzeko sakonera metro batekoa da. Bidearen oinarri den ezpondari eusteko baliatuko dute. Piloteak sei metroko sakoneraraino zulatuko dituzte, erdiak harkaitzean. Bidean hormigoi armatuzko lauza bat eraiki, eta haren gainean bost zentimetroko lodierako nahasketa bituminosoa jarriko diote.