Kulturgintza eta euskalgintzaren inguruko jardunaldien egitaraua aurkeztu dute
Bagera euskaltzaleen elkarteak ‘Kulturgintza komunitatetik eta euskaltzaletasunetik’ jardunaldiak antolatu ditu. Kulturak euskararen biziberritzean jokatzen duen eta joka dezakeen funtzioan jarri nahi dute arreta aurtengo jardunaldietan.
“Euskararen erabilera areagotzeko beharrezkoa da testuinguruari lotutako baldintzak sortzea. Donostian zeintzuk dira baldintza horiek? Hiriaren baitan nola errepresentatzen da euskaltasuna? Donostia kulturaren erakusleiho izateaz harrotzen den hiria da, baina, nolako harremana du kultur hiri honek euskararekin? Nola bizi du kultur ekosistema horrek hizkuntzaren afera? Deserosoa al zaio? Nolako errepresentazioak sortu ditu hiritik sortutako arteak? Euskal kulturaz pentsatzeko ba al dugu nahikoa oinarririk? Ba al dago emozioak sorrarazten dituen komunitate sortzailerik?”, azaldu du Bagera elkarteak.
Hona hemen egitaraua:
- 10:00-11:00. Euskalgintza eta kulturgintza uztartzen: Añorgako Dibertimendua, Iruñeko Laba eta Azpeitiko Dinamoa.
- 11:00-11:15. Bakarrizketa saioa Barrexerkaren eskutik.
- 11:15-11:45. Atsedenaldia.
- 11:45-13:00. Mahai ingurua: Iratxe Retolaza Gutierrez (Kultur kritikaria), Jaime Otamendi Muñagorri (Donostia Kulturako zuzendaria) eta Xalba Ramirez Cruz (IRUTXULOKO HITZAko kazetaria eta musikaria). Dinamizatzailea: Maite Bidarte Sota (Naiz Irratiko kazetaria).