PPk eskatu du 'Bakearen Usoa' eskultura jatorrizko lekura itzultzea
Nestor Basterretxearen Bakearen Usoa eskultura jatorrizko lekura itzultzea nahi du PPren udal taldeak. Eneko Goia alkateari aurkeztuko diote proposamena. Zehazki, PPren nahia da egun Saguesen dagoen eskultura Amara Berriko Aita Donostia plazara itzultzea edo Kursaal ondoan jartzea.
Eskultura Grosen jarri zuten lehen aldiz, 1988ko abenduaren 21ean inauguratu baitzuten Zurriolako pasealekuan. Handik urte gutxira, Kursaalean obrak hasi zirenean, Amara Berrira eraman zuten. Aldaketa hori behin-behinekoa izan zen, eta Basterretxeak berak aldaketa berriz itsas aurrera itzul zedin baldintzapean onartu zuen. 21 urtez Aita Donostia plazan egon ondoren, 2015eko apirila bukaeran Saguesera lekualdatu zuten.
Juan Karlos Izagirre alkatearen udal gobernuak erabaki zuen Bakearen Usoa Amara Berritik Saguesera eramatea. Giza Eskubideen Batzordean eta Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordean proposatu zuten lekualdaketa, Basterretxearen familiaren eta alderdi politikoen adostasunarekin.