Euskal presoei ezarritako salbuespeneko espetxe politika bertan behera uzteko eskatu dute

Euskal presoen eskubideen aldeko Sare plataformak deituta, Igeldora igo da herritar andana , Etxera bidea gertu lelopean. Kontxatik abiatu dira goizean, eta Igeldo mendira igo dira. Izan Bidea dinamikaren barruan egin dute egitasmo hau; hain zuzen ere, urriaren 8an amaituko dute dinamika, Donostian antolatu duten mobilizazio eta musika jaialdi batekin.
Iaz ere antzeko egitasmo bat antolatu zuen Sarek, ehunka herritarrek Euskal Herriko 650 tontor igo baitzituzten. Donostian, martxa nagusia Oriamendin egin zuten, Amara Berriko, Loiolako, Txomiñeneko, Martuteneko, Egiako, Groseko, Parte Zaharreko, Añorgako, Ibaetako eta Antiguakoak hamarnaka herritar hara igo baitziren. Intxaurrondoko, Altzako, Herrerako eta Bidebietako herritarrak, aldiz, Uliara igo ziren, eta Igeldokoak Mendizorrotzera.






