Talde ultraeskuindarrak prozesioa egin ezinik geratu dira
Mugimendu feministak ehunka lagun mobilizatu ditu Donostian, eta Askabide klinikaren ingurua babestu dute.

Gaur arratsaldean beste prozesio bat egitekoak ziren Rezar no es delito (Otoitz egitea ez da delitu) lelopean. Artzain Onaren plazatik abiatzekoak ziren 19:30an, baina ez dira atera. Voxeko Gipuzkoako arduradun Juan de Dios Davila eta Enraizados elkarteko Jose Castro izan dira ertzainekin hizketan. Castrok ‘Rezar no es delito’ leloa daraman kamiseta jantzi du, eta ‘Viva Cristo Rey’ (Biba Kristo Errege) lelodun gurutzea eraman du. Ertzaintzak esan die legez kanpokoa dela, eta bertan behera utzi dute.
Ordurako jendetza zegoen bilduta Askabide klinikaren inguruan. Mugimendu feministak deituta ehunka lagun elkartu dira Easo plazan, eta auzoa kolore morez eta mezu feministekin jantzi dute, albortu eskubidea defendatzeko. Faxismoaren aurkako aldarriak ere jarri dituzte Artzain Onaren inguruetatik klinikaraino.
Jende askok erantzun dio prozesioaren aurkako deialdiari. Talde ultraeskuindarren prozesioa gelditzea zen helburua, klinikara ez iristea mezu antiabortistak eta matxistak daramatzan prozesioa. Mugimendu feministak Amaran bildutako jendearen erantzuna eskertu du, eta talde ultraeskuindarren aurrean emandako erantzunagatik zoriondu ditu guztiak. “Garaipena gurea izan da”, esan du Itziar Otaegik, Amarako talde feministako kideak.
Askabide klinikako zuzendari Naroa Iturrik ere hartu du hitza protestaren bukaeran, hunkituta, eta adierazi du langileek emakumeei laguntza ematen jarraituko dutela, eta ez dutela emakumeak zapaltzea lortuko. Borroka feministaren aldeko aldarriak ozen entzun dira, eta txalo zaparrada izan da bukaeran.
Apirilaren 14an sartu zen indarrean haurdunaldia eteten zuten kliniken aurrean abortuaren aurkako protestak egitea debekatzen duen legea, eta mugimendu feministak erakundeei exijitu die ekitaldi horiek debekatzeko neurriak hartzeko.
Jende andana joaten ari da mugimendu feministak egindako deialdira. Easo plaza kolore morez janzten ari dira, mezu feministekin eta faszismoaren aurkako leloekin. Talde ultraeskuindarrek Koldo Mitxelenatik abiatuko dute prozesioa 19:30ean, 'Rezar no es delito' lelopean@irutxulo pic.twitter.com/zPylCsJlGE
— Nerea Lizarralde (@Nerea_lr) May 7, 2022