Alokairuaren batez besteko prezioa 892,2 eurokoa izan zen 2020an
Batez besteko alokairuaren prezio merkeena Martutenekoa izan zen (681,6), eta garestiena, aldiz, Aietekoa (1.041,8 euro).
Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailak 2020ko alokairuaren merkatuaren estatistika txostena argitaratu du, eta, horren arabera, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako hiriburuetako alokairu garestiena Donostiakoa da. Txostena osatzeko, Etxebizitza sailak 2020ko abenduaren 31ean indarrean zeuden fidantzak izan ditu aintzat, eta batez bestekoak atera ditu.
Donostian, 7.499 alokairu kontratutako fidantzak zeuden indarrean ordurako; hiru lurraldeak kontuan izanda, guztira 63.596 kontratutako fidantzak zeuden indarrean, beraz, Donostiakoak guztien %12,3a ziren. Prezioei dagokienez, 2020ko abenduaren 31ean indarrean zeuden alokairuaren kontratu guztien batez besteko prezioa 892,2 eurokoa zen, eta 2020ko azken hiruhilekoan sinatutako kontratuena 914,4 eurokoa. Bestalde, metro koadroaren batez besteko prezioa 11,6 eurokoa izan zen Donostian 2020an, txostenaren arabera.
Auzoz auzoko prezioak
Alokairuaren batez besteko preziorik garestiena Aiete-Lugaritz zonakoa izan zen 2020an, Jaurlaritzaren txostenaren arabera: 1.041,8 euro (11,8 euro metro koadroko, batez beste). Merkeena, ordea, Martutenekoa izan zen: 681,6 euro (9,6 euro/metro koadroko).
Gainontzeko auzoetako prezioei dagokienez, honakoak izan ziren, garestienetik merkeenera: Antigua-Bentaberri-Ondarreta, 994,1 euro (12,4 euro metro koadroko); Erdialdea, 988,9 euro (13,1 euro metro koadroko); Ibaeta-Errotaburu-Berio-Lorea, 972,5 euro (12,3 euro metro koadroko); Gros-Sagues, 931,3 euro (12,4 euro metro koadroko); Amara Berri-Osinaga-Loiolako Erribera, 896 euro (11,4 euro metro koadroko); Egia, 802,9 euro (11,5 euro metro koadroko); Ulia-Ategorrieta-Manteo, 794,8 euro (11 euro metro koadroko); Loiola-Txomiñenea, 781,9 euro (10,3 euro metro koadroko); Intxaurrondo-Marrutxipi, 750,2 euro (10,1 euro metro koadroko); Mirakruz-La Paz-Gaiztarro, 746,1 euro (10,1 euro metro koadroko); Altza-Buenavista-Herrera, 693,7 euro (9,3 euro metro koadroko); eta, Martutene, 681,6 euro (9,6 euro metro koadroko).
Ez daude auzo guztietako datuak, txostenean ez baitituzte jaso Añorgako, Igeldoko, Zubietako eta Miramon-Zorroaga-Ospitaleak-Oriamendi-Illunbeko datuak. Bestalde, Parte Zaharra bere horretan ez da aipatzen.
2016tik 2021era
Etxebizitzarena Donostian pil-pilean dagoen arazo nagusienetako bat da, besteak beste, alokairuaren prezio altuengatik. Hain zuzen ere, iazko martxoan hiriko alokairuaren prezioaren ikerketa egin zuen Haritik Hirira geografo taldeak, Idealista atariko datuak aintzat hartuta. Argitaratu zuten informazioaren arabera, alokairuzko metro koadroaren prezioa 3,1 euro igo zen 2016tik 2021era, batez beste: 11,9 eurotik, 15 eurora.