Etxerik gabeko pertsonentzako harrera zerbitzua zabaltzeko eskatu du EH Bilduk
Donostiako Udal Gobernuak Abegi Etxearen araudia eta baldintzak aldatzeko prozesua abiatu zuen apirilean. Hainbat aldaketa proposatu dituzte, baina EH Bilduk dio “motz” gelditu direla. “Aukera hau baliatu nahi dugu baliabidea egungo beharretara moldatzeko. Izan ere, baliabideak eta zerbitzuak dira pertsonetara eta errealitate berrietara egokitu behar direnak”, adierazi du Olaia Duarte zinegotziak. Maiatzeko osoko bilkurara eramango du udal gobernuak aldaketen proposamena, eta EH Bilduk aurkeztu dituen zuzenketen berri eman du.
Abegi Etxeak instalazioak prestatzea gaua kalean ematen duten pertsonak hartzeko, baldin eta eguraldiarengatik, egoera soziosanitarioarengatik edo beste arrazoiren batengatik beharrezkotzat jotzen bada. “Horrela, borondate politikoa nahikoa izango da baliabidea irekitzeko”, azaldu du Duartek. Bestalde, Abegi Etxean dauden familiei arreta emateko zerbitzuan, eskainitako prestazioen artean adingabeen eskolatze prozesuarekin lotutako beharrak sartzea eskatu dute.
Udal gobernuaren proposamenak hiru eguneko egonaldiak baimentzen ditu “gehienez”, eta, ondoren, pertsonak ez du Abegi Etxearen baliabidea berriz ere eskatu hiru hilabete pasa arte. “Zerbitzuaren gehieneko iraupena bost egunekoa izatea proposatu dugu. Kasu horretan, eskatzaileak zerbitzuan jarraitzea eskatuko balu, Bizitoki Batzordeak baloratuko luke kasu bakoitza, eta idatziz erantzungo luke. Horrela, egonaldi eskaera bakoitza aztertu egingo dela ziurta dezakegu”. Horrez gain, EH Bilduren ustez beharrezkoa da zerbitzuak generoaren ikuspegiarekin antolatzea: “Aldagela bereziak izatea, oheak generoa kontuan hartuta banatzea eta emakumeen zein gizonen higiene premia espezifikoak txertatzea. Gainera, arreta berezia jarriko da genero indarkeria prebenitzeko”.
Gizarte Zerbitzuei buruzko 185/2015 Dekretuaren 1.7 eta 1.8 fitxetan araututakoaren arabera, eguneko eta gaueko harrera zerbitzuaren erabiltzaileek, baliabide horretan dauden bitartean, kontsignan beraien gauzak gorde ahal izateko eskubidea bermatzea eskatu du udal taldeak. “Erabiltzaileek zerbitzua uzten dutenean kontsignan utzitako objektuak eramango ez balituzte, astebetez gordeko litzaizkieke, eta, ondoren, ahal balitz, telefonoz jakinaraziko litzaieke 24 orduko epean eraman beharko dituztela gauzak. Erantzun ezean, objektuak abandonatutzat joko lirateke, eta Abegi Etxeak egokitzat jotzen duen moduan erabili ahal izango lituzke. Orain arte, kontsigna zerbitzua gaua pasatzen dutenei, soilik, eskaintzen zaie eta utzitako objektuei dagokienez ez zaie jasotzeko epea telefonoz komunikatzen”.
Udal gobernuak Bizitoki Batzorde Teknikoa sortzea proposatu du egonaldiak kudeatzeko. “Gure proposamena da batzorde honek hiru hilean behin txosten bat egitea eguneko eta gaueko arretarako baliabideen egoerari buruz, eta horren berri ematea Gizarte Ekintzako Kontseiluan. Gardentasun eta kontrol ariketa beharrezkoa dela uste dugu”, esan du Duartek.