Gaur emango diote hasiera Parketarrak egitasmoari
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta auzoetan antolaturiko euskara batzordeen elkarlanaren ondorioz, Parketarrak izeneko egitasmoa Donostiako hamazazpi auzotan antolatuko da maiatzean. Lehen saioak gaur hasiko dira Morlansen, Txomin-enean, Añorgan eta Altzan. Hemendik aurrera, maiatzaren 27ra arte, hiriko auzoetako hainbat parke eta plazetan euskaraz jolasean aritzeko aukera eskainiko da doan.
Ekimenaren helburu nagusia haurrak kalean eta parkeetan jolasean ari direnean euskara erabiltzea da. Urtxintxa eskolak aurrera eramango duen egitasmo hau bi programatan banatuta dago: bata, Zabu-zibu, 3-5 urte bitarteko haurrentzat eta beraien familientzat antolaturikoa eta, bestea, Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko haurrentzat.
Aurten, egitasmoa 17 auzotan egingo da: Gros, Antigua, Altza, Añorga, Bidebieta, Loiola, Loiolako Erriberak, Txomin-enea, Martutene, Amara, Amara Berri, Parte Zaharra, Egia, Aiete, Morlans, Ibaeta eta Intxaurrondon.Haurrak euskaldundu eta euskara erabili dezaten ikastetxean egiten den lana osatzera dator Parketarrak.