Korrikak lekukoa pasatu dio Euskaraldiari, "hitzez ekiteko garaia" dela aldarrikatzeko
Korrikak eta Euskaraldiak agerraldi bateratua egin dute astelehen goizean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, Korrikak Euskaraldiari lekukoa pasatu diola irudikatzeko. Azaldu dutenez, azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo dute Euskaraldia hirugarrenez, Hitzez ekiteko garaia lelopean. Horrela, Korrikan erakutsitako indarra eta “herri gogoa” Euskaraldian ere ikusi dadila eskatu dute. Hilaren 18an irekiko dute entitateek Euskaraldian izena emateko epea, eta irailaren 29an norbanakoena. Era berean, iragarri dute ekainean aurkeztuko dutela Euskaraldiaren abestia.
Honakoa izango da aurtengo Euskaraldiaren xedea: hizkuntza ohituretan aldaketak zehaztea eta egonkortzea, eta hiztunak ahalduntzea. Izan ere, Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak azaldu duenez, pandemiak eragin zuzena izan du gizartearen arlo askotan, baita mugimendu euskaltzalean ere: “Harreman sozialak zailagoak izan dira, eta horrek hizkuntza praktiketan eragina izan du; bai herritarren hizkuntza praktiketan eta baita erakundeetan ere”. 2022a “kaleak hartzeko eta herritarrak berraktibatzeko” urtea dela gaineratu du Urkijok, eta Korrikak hori argi utzi duela: “Erakutsi du euskararen aldeko herri gogoak sendo jarraitzen duela, eta datozen egitasmoen bidez jarraitu nahi dugu herri gogoa sendotzen eta urrats zehatzak eragiten”.
Ildo beretik, “herri gogo” hori Euskaraldira eramateko beharra nabarmendu du Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak, eta zenbait arrazoi eman ditu: “Bi ekimenak erabakigarriak direlako euskararen dinamika soziala hauspotzeko”, “indibidualismoaren garai honetan, kolektiboaren eta taldearen indarra islatzeko”, “herriak euskaraz bizi nahi duela adierazteko” eta “hizkuntzaren biziberritzean urrats sendoak egin daitezen aldarrikatzeko”.
Gizartean euskalgintza berraktibatzearen garrantzia izan du hizpide Maddi Juanikorena Donostiako Euskaraldia batzordeko koordinatzaile eta Bagera Euskaltzaleen Elkarteko kideak: “Nabari dugu badela gogo eta indar berezi bat, bultzada kolektibo bat; Korrikan ikusi dugu, eta azken herri ekimenetan ere nabari dugu”. Era berean, Juanikorenak nabarmendu du tokian tokiko batzordeek “ahalegin berezia” egingo dutela “hizkuntza ohituretan aldaketak eman eta horiek egonkortzeko”, baina baita ahobizien eta belarripresten “ahalduntzea” lehentasunezkoa izateko, horretarako tresnak eskainiz.