Parkea bizirikeko habia-kutxetan "urte bikaina" izan dute
Hegazti intsektujale eta gaueko harraparientzako habia-kutxetan kuantifikazioak egin dituzte Parkea bizirikeko kideek, eta 2021. urtea “beste urte bikain bat” izan dela ondorioztatu dute. “Zuhaitz zaharretan zuloak agertzen dira, eta hainbat hegaztik habia egiteko erabiltzen dituzte (espezie trogloditak). Baina zuhaitz mozketak eta habitaten suntsiketak zuhaitz zaharren eta beren zulo gabeziarekin hertsiki lotuta daude. Habia-kutxek onura egiten dute horrelako kasuetan”, azaldu dute.
Gainerako zuhaitzetan zulo gutxi dagoenez, hegazti trogloditek habia egiteko leku egokirik edo bideragarririk ez dute. Horregatik, Parkeak bizirikeko kideek berdez margotutako kutxak jarri zituzten, hegaztiek bizileku bat izan zezaten. Donostian, Astigarragan, Errenterian eta Irunen 28 habia-kutxetan 145 ikuskapen egin dituzte, 116 arrautza errun, 96 jaiotza eta 77 txita kanpora atera dira; zehazki, 62 kaskabeltz handi, hamahiru amilotx urdin eta bi urubi.
Jarraian, 2021eko laburpena egiten duen bideoa ikus dezakezue: