Salmenta postu gehiago jarriko dituzte Altzako produktuen bigarren azokan
Hilaren 14an Altzako produktuen eguna egingo dute, Harria parkeko teilatupean, 09:30etik 14:00etara. Donostiako Udaleko Sustapena sailak antolatu du bigarren urtez jarraian, eta iaz baino postu gehiago jarriko dituzte. Guztira, hamahiru ekoizlek parte hartuko dute.
“Iazko harrera ona ikusita, osasun mugak izan genituen arren, azoka errepikatuko dugu hemengo produktua Altzakoei hurbiltzeko, azkenaldian honelako egitasmoak eskatu baitituzte. Kalitate oneko hemengo nekazaritzako elikagaien azoka da. Bide batez, enplegua sortzen ere laguntzen duen alderdi ekonomiko batekin”, esan du Marisol Garmendia Ekologia zinegotziak.
Salgai egongo diren produktuak askotarikoak. Hala nola, barazkiak, frutak, gozoak, ogia, kontserbak, gaztak, marmeladak, jogurtak eta eztia. Horiek guztiak Altzako nekazaritzako ekoizleen eskutik izango dira: Urban Baratza, Wil.Mar, Goxorrubi eta Altza Baratza Caritas. Han izango dira ere Donostialdeko eta inguruko udalerrietako tokiko ekoizleak, besteak beste, Mañeko, OnEin Kontserbak, Etxeberri Goikoa, Goenaga, Egotza, Aikur, La Oveja Latxa, Garrarte eta Aparola.